Euskaraldia

Inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko egitasmo handia

uriola.eus 2017ko aza. 23a, 12:23

Norbanako, erakunde publiko zein pribatu eta gizarte eragileen elkarlanetik eta aniztasunetik, zubiak eraikiz, antolatuko den lehen Euskaraldia aurkeztu dute gaur Arriaga antzokian, lehen Euskaraldia abiatu baino urtebete lehenago hain justu. Hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea du helburu egitasmoak, baita era guztietako entitateek euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere. 

2018ko azaroaren 23an, hau da, urtebete barru, abiatuko da euskararen lurralde osoan aldi berean Euskaraldia, gaur aurkeztu duten euskal hiztunak aktibatzeko ekimena. Hortaz, datorren urtean, gaurko egunez ekingo diote lehen Euskaraldiari, "hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz", 11 egun euskaraz lelopean. 

Euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, "inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz".

Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok azaldu duenez, "hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulrtzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, baita ezazgunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egieten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak". 

 

Euskal Herrikoa eta herriz herrikoa

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira hiri eta herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modua izango dutenak. 

Antolaketan, beraz, auzo, herri, hiri zein eskualde desberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita ere, elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean hurrengo urteko "gizarte ariketa" prestatzen. Bilbo, esaterako. 

2018ko lehen hiruhilekoan herri eta entitateek Euskaraldian izena emateko aukera izango dute eta 2018ko irailean zabalduko da herritarrek izena emateko epea. Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute partaide guztiek. 

 

Aurrekariak

Ez da hutsetik sortzen Euskaraldia. Azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat auzo eta herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du segida. Besteak beste, egunotan Deustualdean hitz eta pitz ari dira 1.000 bat lagun 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzen.  

 

euskaraldia.eus

T: @euskaraldia

F: @euskaraldia