Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak “2017ko Enplegu Plana” aurkeztu dute. Plan hori aurten hasi eta 2018an garatuko da. Ekimen honek 5.564.087 euroko aurrekontua du, 2016an baino % 8 gehiago.
Helburu nagusia jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lan aukera berriak sortzea da, bereziki kolektibo ahulen artean, lan-merkatura sartzeko zailtasunik handienak dituztenen artean, betiere ahaleginduz uriko auzoen arteko garapena orekatua izatea eta horietako jarduera ekonomikoa, merkataritzakoa, soziala eta kulturala bultzatuz.
“Enplegu Planak” konpromiso argia du hasiera-hasieratik enplegua lortzeko zailtasunik handienak dituzten biztanleekin: Emakumeak, 55 urteko baino gehiagokoak, 35 urteko baino gazteagoak, iraupen luzeko langabeak... Hortaz, “Bilboko 2017ko Enplegu Planean”, 2016koan egin zen legez, guztirako kontratazioen % 50 Bilboko emakumeei egingo zaizkie, hau da, plan honen barruan sortzen diren lanpostuetatik, gutxienez, 279, emakumeek beteko dituzte.
Egingo diren kontratazioetatik % 50 emakumeenak izateaz gain, proiektu honek lehentasuna ematen die baita 55 urte baino gehiago dituzten pertsonei, eta kontratazioen % 15 (84 pertsona) talde horretakoentzat izango dira. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat izango dira aipatutako lanpostuen % 30 gutxienez.
Gainerako % 70a, berriz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten taldeentzat izango da, besteak beste, lehenengo lanpostuaren bila dabiltzan 35 urtetik beherakoentzat eta langabeak eta langabezian denbora luze daramaten pertsonentzat.
Enplegu Planean sartzeko baldintzak
Enplegu Plan honetan sartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: Bilboko bizilaguna izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2017ko Enplegu Planean jasotako kolektiboren bateko kide izatea.
“Bilboko 2017ko Enplegu Planean” parte hartzeko ez da eskabiderik egin behar. Euskal Enplegu Zerbitzuak hasierako lehen hautaketa bat egingo du, eskainitako lanpostuetan oinarrituta, ezarritako irizpideak betetzen dituzten eta eskatutako profilera egokitzen diren horien artean. Bilbao Ekintza udal enpresak, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, azken hautaketa gauzatuko du, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, prozesu ireki eta gardena bermatuta.
“Bilboko 2017ko Enplegu Planaren” bidez sinatuko diren lan-kontratu guztiek gutxienez 3 hilabeteko eta gehienez 6 hilabeteko iraupena izango dute lanaldi osoan edo erdian eta 2017ko ekainaren 30era bitartean gauzatu beharko dira. Udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sustatuko dituen enplegu guztiak lanaldi osokoak izango dira.
Lanpostuen arloak
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, kudeatuko dituen 207 lanpostuak tokiko eremuaren onurarako edo intereseko jardueretarako izango dira. Hain zuzen ere, proiektu hauen barruan egongo dira:
- Hiriko lantaldeak. 62 lanpostu izango dira, eta hiri altzariak, instalazioak eta guneak egokitu eta komun publikoak gestionatuko dituzte.
- Eraikin publikoak birgaitzea. 61 lanpostu sortuko dira udalaren instalazioak eta eraikinak birgaitzeko lanetan parte hartzeko. Enpresa izaerako jarduerak, jarduera sozialak, kiroletakoak eta aisiakoak egingo diren instalazioetan ekipamenduak jarri eta instalaziook prestatzeko lanetan ere parte hartuko dute langileok.
- Basoko lantaldeak. 23 pertsona arituko dira berdeguneak eta uriko parkeak atontzen eta mantentze-lanak egiten.
- Uriaren irudia hobetzea eta uriaren garapen jasangarria. 15 pertsona kontratatuko dira uriaren hirigintzako plangintza garatzeko, espazio publikoa zentzuz erabiltzeko eta ingurumen arloko kutsadura kontrolatu eta murrizteko lanetan jarduteko.
- Enplegu planeko ekintzen koordinazioa eta jarraipena. 14 pertsona plan honetan jasotako jarduketak gestionatzen eta koordinatzen arituko dira.
- Uriko beste proiektu batzuetan jarduteko ere kontratatuko da jendea. Hain zuzen ere, proiektu hauetarako: sare sozialak eta marketina (7 pertsona), Bilbao Gazteak Sortzen proiektua, gazteen enplegagarritasuna hobetzeko plana, txertatzea (4 pertsona), Bilbao Gazte Plana (4 pertsona), berdintasuna, bizikidetza eta lankidetza sustatzea herritarren artean (4 pertsona), merkataritzako sektorean jarduera dinamizatzea (3 pertsona), zizerone-lanak (2 pertsona), nazioarteko foroak eta hirien arteko hitzarmenak (2 pertsona), erkidegoko hezitzaileak (2 pertsona), Europa mailako proiektuak garatzea (pertsona 1), jabeen erkidegoetako bitartekaritza eta elkarbizitza (pertsona 1), administrazio elektronikoa txertatzeko plana (pertsona 1) eta Bilbo Zaharreko , San Frantzisko eta Zabalako proiektu estrategikoa (pertsona 1).