Gobernu-taldearen botoei esker aurrera atera dira Bilbok datorren artean edukiko dituen aurrekontuak. Izan ere, Jeltzaleek eta Sozialistek, beraien gehiengo osoarekin ez dute inolako arazorik eduki euren artean adostatutako aurrekontuak aurrera ateratzeko.
2018. urterako aurrekontu-proiektuan gobernu-taldea izan da horren alde agertu den bakarra. Hain zuzen ere, hauexek izan dira botoak: gobernu-taldearen aldeko 17 botoak (EAJren 13 zinegotziak eta PSE-EEren 4 zinegotziak) eta oposizioko alderdien aurkako botoak (PPkoen 4, EH Bildukoen 4, Goazenekoen 2 eta Udalberrikoen 2).
Eztabaidatu ostean eta oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota eta gero, aurrekontu berria onetsi da. Alabaina, gobernu-taldeak, alderdi guztien zuzenketak onartu ditu, guztira, 700.000 euro biltzen dutenak.
Zentzu horretan, Goazen Bilbao taldearen bi zuzenketa onetsi dira, ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak instalatzeko eta arkitektura-oztopoak kentzeko proposamenarekin. Gainera, Udalberri taldearen proposamena onetsi da, krisialdiagatik gehien kaltetutako pertsonentzako laneko jarduerarako programa bati dagokiona.
Honako gai hauei lotutako PP alderdiaren bost zuzenketa onartu dira: autoenplegua bultzatzea, drogen kontsumoa prebenitzeko planak, garapenerako lankidetzarako laguntza, haurrentzako jolasteko gune berriak eta abesbatzen garrantzia eta jarduerak sustatzea.
Bestalde, EH Bilduren beste lau zuzenketa onartu dira, euskara sustatzea, ikastetxe publikoetarako irisgarritasuna, gazteen artean genero-indarkeria prebenitzea eta garapenerako lankidetza barne hartzen dituztenak.
Juan Mari Aburto alkateak osoko bilkuran azaldu duen bezala, 2018. urteko aurrekontua “seriotasunez eta zorroztasunez, zorrik gabe, egindako lanaren emaitza da, eta kontu errealistak eta positiboak eskaintzen ditu hiriko jarduera ekonomikoa pizteko, zuzenean etorkizunari begira dauden ekintza berriekin, non kudeaketa izango den funtsezko tresna".
EH Bilduk, ordea, bretxa soziala eta auzoen arteko desoreka gainditzeko baliogarriak izango ez diren aurrekontuak onartu direla adierazi du. Bilbotarren beharrizanen gainetik, Aburtok aurkeztutako aurrekontuen lehentasuna Alderdi Popularraren babesa bilatzea zela adierazi du alderdi abertzaleak. Horregatik, EH Bilduk kontra bozkatu du.
Bere bozeramailea den Aitziber Ibaibarriagak esan duenez, "beste urte batez gogoratu behar dugu aurrekontua dela udal politikaren tresna garrantzitsuena. Arlo eta gastu batzuk sustatu eta beste batzuk ahultzen dituen partiden diseinuak udal gobernuak bultzatu duen, eta hurrengo urteetan bultzatuko duen, hiri ereduaren argazki bat eskaintzen digu. Hori ondorioztatu daiteke ere 2018. urterako proposamena aztertu ondoren".