Kalitatezko hezkuntza baten alde, irakaskuntzaren greba

uriola.eus 2017ko aza. 30a, 09:26

Gaurko manifestazioa Jesusen Bihotzean

Kalitatezko hezkuntza baten alde, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren laugarren greba eguna da gaur. Garbitzaileen, sukaldarien, haurreskolen eta heziketa bereziko langileen ostean, irakaskuntzaren txanda heldu da gaur. Abenduaren 12an denak batera azken greba eguna egingo dute.

Hezkuntza Publiko irakasleen gehiengo zabalak bat egin du greba deialdiarekin. Sindikatuek adierazi dutenez, irakasleen %70 baino gehiagok egin du greba. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izango litzateke. Aipatu dutenez, jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin kalera irten dira Hezkuntza Publikoan egun bizi duten egoera salatzeko, eta beraien aldarrikapenak plazaratzeko.

Greba honekin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari mezu bat bialtzen diote. Hezkuntzak gaur egun duen egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat eskatzen diote. Lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko dituzten aldarrikapenak aurrera atera nahi dituzte.

Hezkuntza Sindikatuek mahai gainean jarri dituzten aldarrikapen horiek hauek dira:

Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

Ikasle-ratioak %10 murriztea.

Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte, garbitzaileen, sukaldarien, haurreskolen eta heziketa bereziko langileen eta gaur irakaskuntzaren greba egunak egin dituzte. Abenduaren 12an, ordea, kolektibo guztiak grebara joango dira egun berdinean.  

[2017-10-26] Bost greba egun EAEko hezkuntza publikoan