Metro Bilbaok bidaien prezioak igoko ditu urtarriletik aurrera

uriola.eus 2017ko abe. 5a, 12:31

Metro Bilbao

Metro Bilbaok urteko kontuak egin, eta datorren urterako aurrekontua eta prezioak argitaratu ditu. Bilboko garraio enpresak Creditrans eta Gazte-bonoak %1 igoko ditu urtarriletik aurrera eta 76'5 milioiko aurrekontua edukiko du.

Metro Bilbaok datorren urteko aurrekontua argitaratu du. 76'5 milioi izango ditu, aurten baino %1'2 gehiago. Hala ere, horrekin, metroa ez da gai ordaindu behar duen guztiari aurre egiteko, eta faltan egongo diren 13 milioi horiek Bizkaiko Garraio Partzuergoak jarriko ditu.

Hori dela eta, metroko bidaiak eta bonoak garestituko dituzte. Guztira, %1eko media igoko dira, bai creditransetan, bai urteko gazteentzako bonoetan. Horrekin, metroak behar duen %83'58a lortzen duela adierazi dute, eta faltatzen dena, lehen esandako 13 milioi horiek, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren eskutik datoz.

Izan ere, aurrekontuaren herena, mantentze-lanetarako erabiliko da. Metroak, igogailuak, ordenagailuak eta sistema guztiak mantentzeko 22'5 milioi behar dutela adierazi dute aurrekontuan. Horrez gain, metroko geltokiak eta instalazioak garbitzeko 4 milioi behar dituzte, eta segurtasunarentzako 5 milioi izango dira. Bestaldetik, kontsumo-energetikoa dago. Aurten, beste urteetan baino gutxiago ordaintzea espero dute, baina hala eta guztiz ere, 7 milioitik gorako faktura espero dute.

Horreri aurre egiteko, urtarrilean, azken urteetan ohikoa izan den modura, bidaien prezioak igoko dituzte. Creditrans eta Gazte-bonoak igoera horren barruan kokatzen dira, eta guztiaren media %1a izango dela adierazi dute.

Abenduko ordutegia

Horrez gain, abenduko ordutegia zein izango den argitaratu dute. Hilabete honetan bidaiarien kopurua asko igotzen da. Izan ere, Gabonetako festen, erosketen eta afarien unea da eta metroa izaten da garraiorik erabilena. Hori sustatzen jarraitzeko, errefortzu trenak jarri eta ordutegia zabalduko dute. 

Ostiraletan, 15ean eta 22an, gau osoan zehar irekita egongo da metroa, enpresa afarietara doazenek erabili dezaten. Horrez gain, Santo Tomas egunean, urtero lez, egun osoan zehar lanean egongo dira etengabe. Pasadan urtean 360.577 bidaiari eduki zituzten egun horretan, urteko egunik onena. 

Bukatzeko, Gabonetan eta Urtezahar-gauean ordu batetik aurrera irekiko dituzte ateak, gau guztian zerbitzua emanez.