Auzotarrei bizkar ematea leporatu diote Udalari Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako elkarteek

uriola.eus 2017ko abe. 12a, 11:35
"Duintasuna auzotarrentzat" aldarrikatu zuten Munduko Arrozak ekimenean

Hau ez da plana goiburuarekin, Bilboko Udalaren Auzokizuna 2020 plana salatuko dute Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzotarrek elkarretaratzea eginez gaur, 18:30ean, Plan Komunitarioaren Mahai Politikoa batzartzen den unean.

Azken bost urteetan, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako 2012-2016 Komunitate Planean, orain Auzokizuna 2020k ordezkatu duena, 75.057.148 euroko inbertsioa egin du Bilboko Udalak eremua "erabat garatzeko". 2017. urtean zehar Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, 13 milioi euro bideratu ditu auzo horietan erabiltzeko. 

Hori horrela, joan den azaroaren 29an, Tokiko Gobernu Batzarrak beste plan bat onetsi zuen. Bertan 2020. urtea amaitu baino lehen aplikatu beharko diren 64 jarduketa jaso dira, "parte hartuz eta adostasunez zehaztu direnak", Udalaren esanetan. Auzoetan "ondo errotutako" 250 gizarte, kultura, ekonomia eta auzo-eragilek eta politikari eta teknikarik lagundu dute Auzokizuna 2020 plana egiten, eta, hori dela eta, "proposatutako ekimenen %71 sartu da azken testuan", beti ere Udalaren arabera.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundea ez da iritzi berekoa. Udalak Auzokizuna 2020 plana "auzotarrei bizkar emanda, ezkutuan" onartu duela salatu du. "Auzotarren 100 proposamen baino gehiago izan arren, nahiago izan du bere plan propioa gauzatu, komunitatearekin beharrezko kontsentsua eta adostasuna lortu barik". Koordinakundearen hitzetan, Auzokizuna plana "ezerezean geratuko den beste plan bat" izango da. Eraginkortasun gutxikoa, besteak beste, pobrezia tasa "jasanezina" den auzoetan: "Industria turistikotik haratago pertsonak gaude, batzuk miseria gorrian, Bilboko eskaparatetik at gaudenok, hain zuzen ere". 

Auzotarrak entzuteko, politikariei "zubiak zeharkatzeko" eskatu die koordinakundeak. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalara hurbiltzeko, alegia. Izan ere, koordinakundeak ondo baino hobeto ezagutzen ditu hiru auzoetako "gabeziak eta altxorrak". Horregatik eskatzen die udal ordezkariei "babes instituzionala". 

 

Elkarretaratzea

Gaur 18:30ean batzartzekoa da San Frantziskoko udaltegian Plan Komunitarioaren Mahai Politikoa. Udaltegi aurrean deitu du mobilizaziora Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundeak Udalak ez diezazula ziria sar. Hau ez da plana goiburuarekin.