Autopista Elektriko berriaren kontrako elkarretaratzea

uriola.eus 2017ko abe. 15a, 11:28

Elkarretaratzeko argazkia

Güeñes-Itsaso autopista elektrikoaren Kontrako Koordinadorak Bizkaiko Golkoan zehar Frantzia eta Espainiaren arteko Interkonexio Elektrikoaren kontra azaldu zen atzo egindako elkarretaratzean.

Red Elektrika Españolak (REE) 2017ko abenduaren 14an Bilboko Itsas Museoan, Gatika eta Frantzia artean, Kantauri Itsasoan zehar, eraiki nahi den interkonexio elektrikoaren inguruko aurkezpena dela eta, Gueñes-Itsaso autopista elektrikoaren kontrako koordinadorak horren aurka azaldu zen atzo.

Koordinadoraren ustez, mega autopista eta interkonexio elektriko horiek ez dira beharrezkoak lurraldearen elektrizitate eskariak asetzeko eta beste bide berriztagarri, iraunkorrago eta lehiakorrago batzuk erabil beharko lirateke.

Alde batetik, lur gaineko goi tentsioko linea bat egin nahi dute Frantziarekin lotzeko, Gueñes-Itsaso izenarekin. Linea horrek 400.000 volt garraiatuko lituzke. Proiektu hori aurrera eramateko 80 metroko 132 torreta jarriko lituzkete 72 kilometrotan zehar. Hau da, Bilboko BBVA eraikinak duen altuera bereko dorreak. Linea horrek Bizkaia eta Gipuzkoako 26 udalerri zeharkatuko lituzke, eta herri horien gehiengoak proiektuaren aurka agertu dira. Natura eta ingurugiro aldetik balio handiko guneak betiko kaltetuak izango lirateke eta.

Beste alde batetik, Frantziarekin lotzen duen urpeko beste linea bat egingo lukete. Kasurik onenean, aurreikusitako inbertsioa ia 2.000 miloi eurotakoa izango da. Horrez gain, kostaldeko Gatika, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Mungia eta Bakio herrietan 5 hektareako azpiestazio elektrikoaz gain, 10 kilometroko goi tentsioko linea jarri nahi dute.

Super sare elektriko horrren aurka azaldu ziren atzo, eta Gueñes-Itsaso autopista elektrikoaren kontrako koordinadora sortu eta proiektu horren kontra arituko dira, zenbait ekintza prestatuz. Holako proiektuek energiaren produkzioak gutxi batzuen eskuetan jartzen dutela, oso garestiak direla, bidean energia asko galtzen dela, eta gainera, ingurugiroan eta naturan betirako berreskuraezinak diren kalteak sortzen dituztela adierazi zuten.