San Tomas Azokarako operatibo berezia aurkeztu dute

uriola.eus 2017ko abe. 18a, 11:47

Plaza Barria San Tomas egunean

San Tomas Azoka eguen honetan ospatuko da Bilboko Areatza eta Alde Zaharrean. Garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, eta Plaza Barriko sarrerak eta irteerak errespetatzea.

Abenduaren 21ean, eguen honetan, San Tomas Azoka egingo da. Areatza eta Plaza Barriko ingurunea Euskal Herriko kaleko azoka nagusi bihurtuko da. Bertan, produktu askotariko 276 saltoki ipiniko dira eta: barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta gure baserritarren beste produktu batzuk salgai egongo dira.

Urtero lez, jendetza bilduko denez, honako neurriak programatu dituzte San Tomasetako eguneko ohiko Azoka-Erakusketaren 70. ediziorako: herritarron segurtasuna eta esparru publikoaren garbiketa indartzea; saltokiak eta instalakuntzen baldintzak ikuskatzea osasunari nahiz higieneari dagokienez; zirkulazioaren arloko aldaketak Areatzan; Bilbobusen hainbat lineatan aurreikusitako aldaketak eta geraleku berriak prestatzea. Erabaki horiekin, San Tomasetako Azoka Gabonetako Bilboko jai-giroko ekitaldi maitagarri eta jendetsuenetarikoa izaten jarraitzeko asmoa dago.

Egun osoan eta, batik bat, eguerdian, jende ugari etortzea espero denez gero, Bilboko Udalak garraio publikoa erabiltzea, batez ere metroa eta tranbia, gomendatu du Areatza nahiz Plaza Barriko guneetara joateko.

Jai esparruak

Urtero bezala, Areatza izango da San Tomasetako Azokaren agertoki nagusia. Hori dela eta, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean jai-esparrua egongo denez, itxita egongo da ibilgailuen zirkulaziorako, zirkulazioan Aste Nagusiaren antzeko murrizketak eraginez.

Areatzako Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 218 postu egongo dira. Bakoitzak 2,50 x 2,50 metroko neurriak edukiko ditu. Halaber, totem bat egongo da San Tomasetako Azoka antolatu duten erakundeen irudi korporatiboekin: Bilboko Udala eta BBK.

Plaza Barrian, berriz, baserritarren 58 saltoki jarriko dira. Kalkulatutakoaren arabera joan litekeen jendetzarekin lotutako edozein arrisku gutxitzeko, Plaza Barrirako sarreran egoten diren edukiontziak kendu dira eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko direnen joan-etorriak kontrolatzeko.

Era berean, Plaza Barrira sartzeko arku guztietan, sartzeko bide bat eta irteteko beste bat egokituko dira eta aurrera-atzera erraz ibiltzeko moduan egongo dira uneoro. Hortaz, sarrerak eta irteerak errespetatzeko eskatu nahi zaie herritarrei. San Tomasetako saltokiak eta txosnak berdeguneak eta arboladiak ez zanpatzeko moduan kokatuko dira. Jarlekuak eta hiriko beste altzariak ez dira okupatuko.

Gainera, Arriaga plazaren ondoan, postu bat ipiniko da Kutxabanken egutegia banatzeko eta kaseta bat jostailuak jasotzeko. Areatzako aterpeetan osasunaren arloko gunea jarriko da: berehalako laguntza sanitarioa, anbulantziak eta segurtasuna koordinatzeko zentroa. Gainera, alde horretan salaketak jasotzeko bulego mugikorra izango dute udaltzainek egun osoan.

Handik gertu, Bilboko Gabonetako hitzordu garrantzitsu honetara bertaratzen direnek Gabonetako Merkatu Txikia bisitatzeko aukera izango dute, Bailen kaleko balkoietan.

Aldaketak zirkulazioan

09:00etatik 22:00etara arte, gutxi gorabehera, zirkulaziorako itxita egongo dira Zingira kalea (Ernesto Erkoreka plazaren parean), Erribera kalea (Mesedeetako zubiaren parean) eta Areatzako zubia (Bailen kalearen parean).Goizeko 11:00etara arte zama-lanak egiteko Zazpi Kaleetara sartzeko aukera egongo da, jende-kopurua handia egon eta segurtasun-arrazoiengatik besterik egitea komeni denean izan ezik.

Halaber, aipatutako eremu horretan ibiltzen diren Bilbobuseko autobusen zerbitzua goizeko 09:00etara arte normaltasunez eskainiko da. Ordu horretan hasiko dira autobusak aldaketak eta ordezko ibilbideak egiten.

Era berean, 10:30etik 22:00etara bitartean, gutxi gorabehera, ez da Bailen kaletik Erripa kalerantz joaterik izango, zirkulaziorako itxita egongo baita. Plaza Biribilerantz ibilgailuan iristeko San Frantzisko-García Salazar-Hurtado Amézaga bidea hartu behar da.

Aparkalekuak

Kalea ibilgailuen zirkulaziorako itxi arren, Areatzako txandakako aparkalekura eta Epaltzaren alarguna, Prim eta Erribera kaleetako aparkaleku pribatuetara sartu ahal izango da, eta Plaza Barriko eta Prim-Dolaretxe kaleetako egoiliarrentzako aparkalekuak ere irekita egongo dira, Udaltzaingoak autoak ibiltzea oinezkoentzat arriskutsua dela irizten dion unera arte.

Erkoreka plazatik bertara sartzea eragozten denetik, Prim-Dolaretxe kaleetako aparkalekuetara seinalistek adierazitakoaren bitartez sartu ahal izango da, Prim eta Aurrekoetxea kaleen arteko bidegurutzetik abiatuta.

Areatzako aparkalekuari dagokionez, Ernesto Erkoreka plazatik adieraziko da sarbidea. Horretarako, kono altuak eta zintak erabiliko dira, zenbait seinalistek lagunduta. San Nikolas plazaranzko sarrera-irteera itxita egongo da.

BILBOBUSAK

Urtero legez, Areatzako jai-esparrua ixteak Bilbobuseko 18 lineatan aldaketa puntualak eragingo ditu: 03, 11, 22, 28, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 72, 75, 77, 85, A1, A2, A5 eta A7.

Bilbobuseko autobusek lanegunetako ordutegi eta maiztasunak izango dituzte eta Gautxori zerbitzua ere eskainiko da, goizaldeko 02:00etara arte.

Kenduko diren geralekuak

Ibilbide berrien ondorioz, ondorengo geralekuetan autobusak ez dira geldituko:

  • Kale Nagusia, 8 (28, 72 eta A7 lineetarako)
  • Zingira kaleko 5 zenbakiaren aurrean
  • Epaltzaren Alarguna 1 / San Nikolas
  • Areatza San Nikolasen aurrean
  • Areatzako zubia
  • Areatza/Arriaga
  • San Nikolas 4
  • Unamuno
  • Prim 22 bis
  • Prim 36

Aldaketa hauei eta ordezko ibilbideei buruzko informazio zehatzagoa aldatutako geralekuetan, www.bilbao.eus/bilbobus webgunean eta 010 (944 010 010) telefonoan emango da.

Bizkaibusak eta taxiak

Eremu honetatik ibiltzen diren Bizkaibuseko autobusen ibilbideetan aldaketak egongo dira kaleak ibilgailuen zirkulaziorako ixtearen ondorioz. Bailen kaleko geralekua zerbitzurik gabe egongo da 10:30etik aurrera, gutxi gorabehera, eta ordezkoa Hurtado de Amézaga kalean jarriko da. Informazioa http://web.bizkaia.eus/eu webgunean.

Taxiei dagokienez, Areatza pasealekuko 4. zenbakiko geralekua ez da erabiliko eta horren ordez Mesedeetako zubian jarriko da geraleku berria.

Tranbia

EuskoTrenek Arriaga eta Abando geltokien arteko zerbitzua etengo du eta batetik, Atxuri eta Arriaga geltokien arteko zerbitzua, eta bestetik, Pio Baroja eta Ospitalearen artekoa antolatuko du.

Hala egingo litzateke goizeko 10:0etatik iluntzeko 21:30era arte. Une horretan tranbia Areatzaren inguruetan ibiltzeko moduan egongo dela kalkulatu da.

Bilbon Bizi

Arriaga Plazako Bilbon Bizi puntuak ez du zerbitzurik emango egun osoan eta ezin izango da ez bizikletarik hartu ezta utzi ere. Gainontzeko puntuak normal funtzionatuko dute.

Herritarren segurtasuna

Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia jarriko dute abian, liskarrik eta egoera pikareskorik edo segurtasun gabeziarik gerta ez dadin.

Hartara, Auzo Poliziaren ikuskaritzetako eta Ertzaintzaren uniformedun agenteak jai-esparruan ibiliko dira kaleko jantzita egongo diren agenteekin batera, bertaratutako jendearen artean segurtasunik eza eragin dezaketen ekintzei aurrea hartzeko, esate baterako, diru-zorroen lapurretak, borrokak edo ordena publikoaren aurkako bestelako ekintzak prebenitzeko.

Uniformedun patruilak ibiliko dira jai-esparruan eta inguruetan. Gainera, azokaren perimetroa jagoteko Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribilean kontrol finkoak egongo dira, herritarren segurtasuna zaintze aldera. Gainera, Areatzako aterpeetan udaltzainek bulego mugikorra izango dute salaketak jasotzeko.

Osasun-dispositiboa

Osasun-dispositiboa ere Areatzako aterpeetan jarriko dute 09:30etik 21:30era bitartean.

Hamar bat lagunek osatuko duten dispositibo horretan beste hauek ere egongo dira:

  • Aginte-postu aurreratua: hau izango da aginte-zentroa eta gaixoak, anbulantziak eta anbulantzietan eramateak koordinatuko ditu.
  • Berehalako laguntzarako postua. Laguntza bertatik bertara emango da.
  • 3 anbulantzia: bi Gurutze Gorriarenak eta bat SAMURena.
  • Gurutze Gorriko erizainak eta teknikariak.
  • SAMUReko erizainak eta teknikariak.

Iaz 15 laguni eman zitzaien laguntza berehalako laguntzarako postuan. Horietako 5 Basurtuko ospitalera eraman behar izan zituzten.

Gomendioak

Edonola ere, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Sailak prebentziozko hainbat neurri hartzea aholkatzen du:

  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak esandakoari kasu egitea, eta agenteengana joatea edozein larrialdi gertatuz gero.
  • Diru-zorroa agerian ez eramatea, jakaren barruko edo praken aurreko poltsikoan gordetzea; poltsak, berriz, kontrolpean izatea beti (hobe da gorputzari erantsita eramatea heldulekutik zintzilik eramatea baino).
  • Edonola ere, ezinbesteko agiriak baino ez eramatea komeni da, betiere etxeko giltzetatik aparte gordeta.
  • Lapurretaren bat jasanez gero, salaketa jarri Udaltzaingoan (telefonoa: 092) nahiz Ertzaintzan (telefonoa: 112).

Garbiketa

Mota honetako ospakizun jendetsuetan ohikoa den bezala, Bilboko Udalak ahalegin berezia egingo du San Tomasetako Azokan hiria erabiltzeko egoera ezin hobean egoteko.

Obra, Zerbitzua, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailaren operatibo berezi hau aurretiko garbiketa lanekin hasten da. Aurreikusitakoaren arabera, lan hauek abenduaren 19 eta 20an egingo dira, Areatzan, Plaza Barrian eta Arriaga inguruetan.  Eguenean bertan erabilera eta tamaina desberdinetako 260 edukiontzi jarriko dira jai-esparruan, han eta hemen. Horietako asko beira-edukiontziak izango dira.

Egun horretan aldaketa batzuk egingo dira garbiketan eta hondakinen bilketan, txosnei eta hondakin asko sortzen dutenei birziklatzea errazago jarriko zaie. Saltokiei hondakin-mota batzuetarako edukiontziak emango zaizkie, eurentzat bakarrik, eta horiek jasotzeko zerbitzu berezia ezarriko da; 30 pertsona izango dira, beira, papera eta kartoia eta olioa jasotzen ibiliko direnak. Gainerako hondakinak hurbileneko edukiontzietara eraman beharko dituzte saltokietakoek.

Areatzako esparruan jendearen erabilerarako edukiontziak jarriko dira eta, iaz bezala, ahalegin berezia egingo da beira batzeko, hautsitako botilekin zauritzea saihestu nahian. Eskatzen dutenei bio-hondakinak jasotzeko edukiontziak ere erraztuko zaizkie.

Hilaren 22an, garbiketa-lanak goizeko 6etan hasiko dira.

Gainera, abenduaren 21ean eta 22an itsasadarreko garbiketa zerbitzua izango da, urtean zehar egiten den legez, uretara bota, jaurti edo erortzen den edozein motatako hondakinak kentzeko.

San Tomas eguneko garbiketarako operatibo berezia 120 lagunek osatuta egongo da, abenduaren 21eko goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan eta hurrengo eguneko goizeko txandan, une horretan operatiboa amaitutzat joko delako.

Iaz 73 tona hondakin baino gehiago bildu ziren; horietako 19,5 beira, 4 tona paper eta kartoi eta 49 tona gainerako motatakoak. 900 litro olio ere jaso ziren. Halandaze, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak gogorarazten dizue, kontsumo arduratsua egin behar dela eta hondakin bakoitza (zaborra, papera, ontzi eta beira) dagokion zaborrontzian utzi behar dela, jatorrian birziklatzea erraztu eta jai jasangarria izate aldera.