Murrizketa sozialekin pardeletan uzten gaituztela salatu dute

uriola.eus 2017ko abe. 26a, 11:00

Gaurko ekintzaren argazkia

‘Murrizketa sozialen, gastu militarraren eta AHTren lanen inuzentekeriek horrela uzten gaituzte’ lelopean pardeletan gelditu dira Bilboko Kale Nagusian eskubide sozialen aldeko erakundeetako partaideak.

Berri Otxoak plataformako, gastu militarraren aurkako elkateko eta Abiadura Handiko Trenaren kontrako kideek gaur goizean elkarretaratze bat egin dute Euskal Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. ‘Murrizketen, gastu militarren eta AHTren lanen inuzentekeriek horrela uzten gaituzte’ leloarekin pardeletan jarri dira Kale Nagusiaren erdian.

Izan ere, bi egun barru, inozentaden eguna izango da, eta, hori aprobetxatuz gaurko ekintzan bi metrodun “inozente panpinak” atera dituzte. Adierazi dutenez, beraientzako, baliabide ekonomikoak gastu militarrean edota AHT bezalako obretan gastatzea xahubide hutsa da.

Helburu sozialetan (osasungintzan, etxebizitzan, hezkuntzan… ) gero eta gehiago murrizten den bitartean, dirua horrelako obra handietan eta ekintza militarretan botatzen dela esan dute gaur goizean. Horrek, jendearen beharizanen kontra doala uste dute parte hartu duten kolektiboek, eta beraien herria, jarrera horrekin, pardeletan uzten dutela adierazi dute, era literal batean.

Horrez gain, Euskal Gobernuaren aurrekontuak onartu direla gogoratu dute. Aurrekontuetan, beste gastuen artean, Bergarako lotunea hobetzeko lanentzako, AHTrekin jarraitzeko eta industria militarrerako dirua dagoela esan dute. Eta, gainera, Bilboko Portuan guda egiteko materiala Arabia Saudira exportatzen jarraitzen dutela eta horrekin bukatu behar dutela aldarrikatu dute.