Bilboko Udalak Gabon Zaharrean garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman du

uriola.eus 2017ko abe. 29a, 11:38
Bilbobus

Bilboko Udalak aurten ere Gabon Zahar gauean urian dauden garraio publikoak erabiltzeko aholkua eman du. Garraio publikoen enpresek zerbitzu bereziak eskainiko dituzte.

Gabon Zahar gauean ohikoa denez, Bilbobusen azken zerbitzuak 20:00etatik 20:30era bitartean abiatuko dira hasierako geltokietatik. Urtarrilaren 1ean, berriz, 01:00etan hasi eta 08:30era bitartean, gautxoriek emango dute zerbitzua. Eguneko lehen zerbitzuak 09:00etatik aurrera hasiko dira.

Ibilbideak, ordutegiak eta bestelako gorabeherak, hau da, Bilbobusekin eta Gautxori zerbitzuarekin lotutako informazio erabilgarri guztia web-orri honetan kontsultatu daiteke: www.bilbao.eus/bilbobus. Horrez gain, twitter eta Facebook sare sozialetan ere, erabiltzaileek informazioa eguneko 24 orduetan kontsultatu dezakete.

Artxandako Funikularraren ordutegia hau izango da: hilaren 31n, 07:15etik 21:00etara eta biharamunean, urtarrilaren 1ean, 09:15etik 14:30era eta 16:30etik 22:00etara bitartean egongo da martxan.

Azkenik, Bilbon Bizi bizikleten mailegu-zerbitzuaren ordutegia hau izango da: abenduaren 31n, 06:00etatik 21:00etara bitartean eta urtarrilaren 1ean, 09:00etatik 22:30era.