'Garai berrietan espetxe politika berria' eztabaida integrala

uriola.eus 2018ko urt. 9a, 10:00

Ostegunean, PSE, EAJ, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu alderdiek espetxe-politikari buruz eztabaidatuko dute lehen aldiz era integral batean Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak egongo dira bertan, Alderdi Popularra izan ezik.

Foro Sozial Iraunkorra alderdi politikoekin eta sindikatuekin presoen gizarteratzeari begira ari da lanean, elkarrizketa aldeaniztunen bidez. Gaur egun, konfiantza eraikitzeko fasean daude murgilduta. Pasa den abenduaren 4an, Bilbon Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egindako prentsaurrekoan, elkarrizketa multilateral hauei buruz “datozen asteotan emaitzak ikustea espero dugu. Eztabaiden edota akordioen forma hartuko duten emaitzei buruz ari gara” adierazi zuten.

Lehen akordioak gaixo dauden presoen inguruan eta kartzela politikaren eskumenaren inguruan heldu zen Eusko Legebiltzarrean. Baina beste pausu bat emateko beharra ikusita, indar politikoen arteko eztabaida publiko bat egitea proposatu zuten.

Zentzu honetan, etzi 17:00etan Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan, mahai inguru bat antolatu du Foro Sozial Iraunkorrak, Garai berrietan espetxe politika berria lemapean. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak izan dira gonbidatuak.

Bere parte-hartzea konfirmatu dute: Amaia Arregi (EAJ-PNV), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE) eta Andeka Larrea (Elkarrekin-Podemos). Legebiltzarkideak izateaz gain, denak dira beraien alderdi politikoen exekutiben kide. Alderdi Popularrak parte ez hartzea erabaki du.

Moderatzaile lanetan Teresa Toda egongo da, kazetaria eta Foro Sozial Iraunkorraren kidea. Bukatzeko, zera azpimarratu nahi dute: espetxe politikoaren inguruan era integral batean eztabaidatuko dute, lehen aldiz publikoki, euskal alderdiek.