Pauso askoz handiagoen zain

Arrate Diez/BERTON 2018ko urt. 12a, 12:05

Josu Aspiazu eta Maider Viso Etxerat elkarteko kideak

Etxerat elkarteak euskal presoen eta beren senideen asistentzia integrala hartu du beregain, hau da, senideei zein lagunei behar duten laguntza osoa ematea eta kartzelan dagoenari mediku laguntza eta juridikoa eskaintzea. Egoera "gero eta krudelagoa" dela diote Etxerateko kideek, eta horregatik eskatu diote jendarteari bihar Sare dinamikak deitutako mobilizazioan parte hartzeko eta "pauso askoz handiagoak" exijitzeko.

Maider Viso mahatsorria Harriet Iragi Alde Zaharreko presoaren emaztea da. 2000. urtean atxilotu zutenetik –duela hamazazpi urte–, bere senarra isolamendu egoeran egon da, eta egun dago. Lehen bost urtetan bakarrik egon zen, isolamenduaren lehen fasea aplikatuta. Espainiako kartzeletan isolamenduko bost galeria daude, eta Harriet halako batean egon zen. Maider ere 2004an atxilotu zuten, eta bi urtez egon zen kartzelan. Tarte horretan Maider eta Harrieten alaba jaio zen, Amaiur; egun hamalau urteko neskatila da. Amaiur bere amarekin egon zen hemeretzi hilabete izan arte, gerora, Maiderren gurasoak arduratu ziren umeaz ama espetxetik irten arte. 

Harrietek “periploa” bizi izan du Espainiako kartzeletan barrena. Valdemorotik Kordobara eraman zuten. Bertan lehen fasetik atera eta beste kide batzuekin beste galeria batera eraman zuten. Kordoban hamaika urtez egon da, eta orain sei urte Castelló II kartzelara bidali zuten. Lau ziegako galeria batean dago. Isolamenduan mantentzekoak zirenez, Harrieten kideek espetxeko arduradunekin negoziatu zuten haietariko bat beti Harrietekin egotea. Orain beste preso batekin dago isolamenduko galeria laburrean. Alta, galeria labur hori oso gogorra da. Patioa oso txikia da, estalita dago, eta harresi bat besterik ez dute ikusten. Harrietek hamazazpi urte daramazki egoera horretan.

 

Zelan bizi du zure alabak preso dagoen aitaren urruntasuna?

Maider Viso: Amaiurrek hamalau urte dauzka. Jaio zenetik hilero joan da bere aita ikustera. Ni atxilotu nindutenean bospasei hilabete eduki ninduten Soto del Realen, eta handik Kordobara eraman ninduten. Eta aukera geneukan elkar ikusteko, hiru hilero vis familiarra eta hile eta erdiro vis intimoa. Amaiurrek autoaren asuntoa oso txarto eraman du beti, beraz, Kordobara arte joatea zaila zen. 

Zelakoa da aita-alaba harremana?

Harreman oso polita, oso landua eta oso zaindua. Alaba eta gainontzeko presoen seme-alabak egoerak berak pertsona jator bihurtu ditu, eta adinkideak baino lehenago iristen dira heldutasunera. Hilero joan ohi gara bisitan, eta berak erabakitzen du joatea edo ez joatea; lehentasuna da berarentzat bere aita. Jaio zenean aitari azken momentuan ukatu zioten ume jaioberria ikusteko aukera. Azkenean beira baten atzetik ezagutu zuen, Amaiurrek hogeiren bat egun zituela.  

Alderagarriak dira Espainiako eta Frantziako kartzelak?

Nik ez nituzke konparatuko. Frantzian, esaterako, apartamentuen aukera dago eta Espainian ordea, ez. Guk senide bezala elkarrekin egoteko aukera eskatzen dugu. Gure seme-alabek hilean behin bakarrik ikus ditzakete guraso presoak. Hortaz, hurbilago baleude gurasoekiko harrremana askoz sakonagoa zitekeen. 

Eduki duzue istripurik horrenbeste urtez bidaiatzen?

Aitaginarrebak eta amaginarrebak oso istripu larria eduki zuten Harrieten bisita batean. Ospitalean egon ziren, eta erositako kotxe berria guztiz izorratu zen. Hala ere, onik atera ziren. Nik mendialdean eta lainoaren eraginez istripu bat eduki nuen orain dela gutxi, baina zorionez kolpea kotxeak bakarrik jaso zuen. Argi dago tentsioa eta arriskua daramagula gainean bidaia bakoitzean. Bidaia baino egun batzuk lehenago eta bidaian bertan; neguan negua delako eta eguraldi kaskarragatik eta udan, adibidez, Arlesera joateko auto-ilara piloa dagoelako, zonalde turistikoa baita. Neguan horren goiz iluntzen denez, bidaiak gauez egiten ditugu, horrek dakarren arriskuarekin. Ez dugu ahaztu behar aurten zortzi istripu gertatu direla, eta dispertsioak 28 urtetan hamasei hildako eragin dituela. 

Ekonomia aldetik zelako kostua du halako bidaia batek?

Gure kasuan, hamazazpi urte direnez, ez dut kalkulurik egin nahi. Amaiur txikia zenean bidaia arruntari hotelak eta hegazkin bidaiak gehitu behar zitzaizkion aita ikusten gindoazenean. Garai hartan Kordobara bidaia hilero 400 bat eurotan egiten genuen. Gaur egun Castellóra 250 ingurukoa da gastua.  

Zein da Etxeraten lana?

Senideen elkartea da Etxerat. Guk ez dugu erabaki Etxerat sortzea, egoerak bultzatu gaitu. Elkarteak sostengua ematen digu preso eta errefuxiatu zein exiliatuen senideoi. Guretzat zentzu guztietan ezinbesteko laguntza da, eta egoera pixkat arintzen digu. Edozein arazo dugula hor dago elkartea laguntzeko prest. Badaude senide edadetuak, eta horiek batez ere laguntza handia behar dute, dela trenerako txartela ateratzeko zein moral aldetik indarrak emateko. Familientzat baldintzagabeko asistentzia da, 24 ordukoa. Senideentzat ez ezik  presoentzat ere behar besteko mediku laguntza zein juridikoa eskaintzen du elkarteak. 

Zein da presoen egoera gaur egun?

Egun, 334 euskal preso politiko daude. Nahiz eta kopurua jaitsiz doan, egoera gero eta krudelagoa da. Ia 100 gaixorik daude eta, gainera, horietatik 13 oso gaixorik. Azken horiez gain, beste zortzi oso egoera larrian daude, nahiz eta publiko egin ez duten. Hori gutxi balitz, presoen kartzela zigorrak amaigabeak izateak eta presoen adina igotzen joateak benetan zailtzen du egoera. 

50 bat presok 20 urtetik gora daramate kartzelan.

Bai, hala da. Horietatik 12k 25 urte baino gehiago. Preso guztien erdiak ia 15 urte baino gehiago daramate ziegetan, eta badaude 60 urte baino goragoko 21 preso, eta 70etik gorako hiru. Egoera oso latza da, eta lehenbailehen hurbildu eta etxeratu behar ditugu. 

Aurrerapausorik ikusten al duzue ETAk armak utzi zituenetik?

Pausoak ematen ari dira batez ere Frantziako Estatuaren jarrerari dagokionez. Gutxi bada ere, baldintzapeko askatasunarekin aske geratzen ari dira batzuk. Eta hurbiltasunari buruz eskaera hainbatetan egin bazaie ere, oraindik ez dute pausorik eman. Biharko mobilizazioarekin erakutsi behar dugu pauso askoz handiagoak eman behar direla. Presoak ilusionatuta daude, eta guk haiekin batera lortu behar dugu etxera ekartzea. Kalean bultzatu behar dugu beraien eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta ez daitezen hitz polit hutsak izan. Hitzak benetako ekintzak bihurtarazi behar ditugu. 

Zelan egin gaitezke Etxerat Lagun?

Etxeraten ekimenetan izena emateko aukera izateaz gain, etxerat.eus web orrian aukera paregabea dago laguntza ekonomikoa ere emateko. Beraz, egin dezagun ekarpena denon artean egoera krudel honi amaiera emateko behingoz.