Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako ordenantzaren proiektua onartu dute

uriola.eus 2018ko urt. 18a, 11:38
Udaletxea barrutik ikusteko ilarak

Ordenantza honen onarpenarekin, gizarte eta genero arloko diskriminazioak eta desberdintasunak sortzen eta errepikatzen dituzten egiturak kentzea eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren arrazoiak eta ondorioak ezabatzea ahalbidetuko da.

Bilboko andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako Udal Ordenantzaren proiektua onartu dute, ondoren, hamar egun balioduneko epea zabalduko da Udaletxean ordezkaritza daukaten talde politikoek zuzenketak aurkez ditzaten. Zuzenketa horiek eztabaidatu ondoren, Udalbatzarrera bidaliko dira hasierako onarpena eman dezan. Talde politikoek idatziz emango beharko dituzte zuzenketak; Udalbatzarrean eztabaidatu eta onarpenerako proposamena egin ondoren, 30 egunetan jendaurreko informazio-aldia zabalduko da eta interesdunei entzunaldia eskainiko zaie, bilbotarrek alegazioak egiteko edo proposamenak aurkezteko.

Bilboko Udalak konpromiso gorena dauka andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun politikekin gizarte berdintasunezkoa, plurala, integratzailea, jasangarria eta indarkeriarik gabekoa eraikitzeko, eta ordenantza honen onarpenarekin gauzatzen da. Azken batean, arau honek eta andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako udal planek gizarte eta genero arloko diskriminazioak eta desberdintasunak sortzen eta errepikatzen dituzten egiturak kentzea eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren arrazoiak eta ondorioak ezabatzea ahalbidetuko dute.

Bilboko Udalak arlo horretako lehen ordenantza diseinatzeko eta egiteko prozesua hasi zuen 2016ko maiatzean eta, aurreikusitakoaren arabera, datozen udalbatzarretan onartuko da. Itziar Urtasun Berdintasun Saileko zinegotziaren ustez: “Ordenantza honen balio erantsia da araua dela. Baina ez da ahaztu behar komunikazioa dela eta, noski, esparru-agiria dela berdintasunaren inguruko legedia tokiko arlora eramateko eta ezartzeko, uriko egoera espezifikoetara egokituz. Era berean, Gobernu Taldeak berdintasunaren alde daukan konpromisoa eta borondate politikoa islatzen du eta arau egonkor eta iraunkor bihurtzen da eta bere menpe jartzen da udal erakundearen jarduera. Jarduera globala, arau-emailea eta komunikagarria, berdintasunaren irizpideekin egiten denean, eragin positiboa dauka herritarren jarreran”.

Ordenantza berria:

Udal ordenantza hau egiteko, Bilboko Udalak hainbat talde eta pertsona inplikatu ditu berdintasunaren desafioari buruzko eta arlo horretako beharrizanei buruzko gogoeta egiteko. Prozesu horretan, Berdintasun Sailak lanerako hiru batzorde eratu ditu: batzorde tekniko bat, udal sail guztietako langileekin; batzorde politiko bat, udalbatzan ordezkaritza daukaten talde politikoen inplikazioarekin; eta Bilboko emakumeen elkarteetako eta elkarte feministetako andrazkoen batzorde bat. Guztira, 47 pertsonek hartu dute parte (42 andre eta 5 gizon) eta ordenantzaren idazketak iraun duen bitartean (urte eta erdi) ekarpenak egin dituzte.

Ordenantzaren helburua da Bilbon arau bat ezartzea andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruan, nazioarteko, Europako, estatuko eta EAEko araubide juridikoan ezarritakoarekin bat etorrita.

Horrela, bada, Udalak hiru helburu ezarri ditu:

  1. Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan, Bilboko Udalaren eta bere menpeko erakundeen jarduna zuzenduko duten hastapen orokorrak ezartzea.
  2. Andrazko guztien eskubideak oso-osorik erabiltzeko behar diren baldintzak sustatzeko eta bermatzeko neurrien multzo bat arautzea, dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatuz, Bilboko Udalaren jardunaren eremu guztietan.
  3. Andrazko guztien ahalduntzea sustatzea eta haien posizio soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala sendotzea eta haien aurkako diskriminazio modu guztiak ezabatzea, beren eskubideen erabilera benetakoa eta erreala bermatzeko.

Ordenantza Udalean eta bere menpeko erakundeetan aplikatuko da. Menpeko erakundeak dira erakunde autonomiadun guztiak eta sozietate publikoak, erakundeak kapitalaren edo gizarte-funtsaren erdia baino gehiago badauka. Era berean, kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten edo laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuetan aplikatuko da.

Berritasunen artean, erakundearen antolaketari dagokionez, Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako Udal Unitateak sortzea proposatzen da, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza espezifikoa edo esperientzia daukaten langile teknikoekin. Horren helburua da sail edo erakunde bakoitzak berdintasunerako programak ezartzeko daukan gaitasuna sendotzea; hortaz, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun politikak diseinatu, bultzatu eta koordinatuko dituzte sail bakoitzean.

Era berean, andrazkoen eta gizonezkoen berdintasunaren helburuaren zeharkakotasuna hobetzeko estrategia berria aurkeztu da. Hori gauzatzeko, egitura politiko eta teknikoak sortuko dira, udal sail eta erakunde guztien inplikazioa eta ordezkaritzarekin. Hauek dira egitura horiek:

Bilboko udalaren jarduera koordinatzeko eta jarraitzeko sailen arteko Batzordea

Alde batetik, Sailen arteko Batzorde bat eratuko da, Bilboko Udalaren sailek edo/eta menpeko erakundeek berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko.

Batzorde hori Berdintasun Sailean egongo da eta udal sail edo erakunde bakoitzak andrazkoen eta gizonezkoen berdintasunerako politikak diseinatzeko, sustatzeko eta koordinatzeko izendatuko duen langileek osatuko dute.

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko laneko berdintasunerako Batzordea

Bestetik, Berdintasunerako Batzordeak koordinatuko ditu andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan eta laneko esparruan garatzen diren politikak eta programak.
Organo horretan izango dira Alkatetza Saileko, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko, Berdintasun Saileko eta Langileen Batzordean ordezkaritza daukaten sindikatuetako ordezkariak.

Batzorde horren helburu nagusia izango da andrazkoen eta gizonezkoen laneko edozein diskriminazio saihestea Bilboko Udalean eta udal langileen berdintasunerako planen diseinuan, sustapenean, koordinazioan eta ebaluazioan parte hartzea.

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa ere sortuko da, berdintasun politikak ezartzea eta berdintasun planen jarraipena egitea ahalbidetuko duen elkarrizketarako espazio modura.

Organo horretan izango dira Bilboko Udalbatzan ordezkaritza daukaten talde politiko bakoitzaren zinegotzi bat, Berdintasun Saila eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluko ahaldun bat.

Azkenik, eta herritarrekin, hau da, Bilboko emakumeen elkarteekin eta elkarte feministekin izan beharreko elkarrizketari dagokionez, parte hartzeko egitura malgu bat prestatuko da haiekin harremanetan jartzeko eta hitz egiteko. Horrela, bada, diskurtso komuna eta estrategia bateratua sortu nahi da andrazkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna zailtzen duten oztopoak kentzeko zerbitzuak emateko edo politikei buruzko proposamenak egiteko, sustatzeko, sendotzeko eta elkarlanean aritzeko.

Ordenantza berri honetan jasotzen diren beste gai batzuk generoaren ikuspegia Udalaren eta hari lotutako erakundeen jardueran sartzeko neurri administratiboak dira. Neurri horien artean daude andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako udal plan bat garatzea; sexuaren aldagaia estatistiketan, inkestetan, erregistroetan eta datu-bilaketetan sartzea modu sistematikoan; generoak ordenantzetan, plan estrategikoetan eta administrazioko ekintza orokorretan daukan eragina aldez aurretik ebaluatzea; andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza; eta generoaren ikuspegia sartzea kontratazio publikoan eta diru-laguntza publikoetan.

Ordenantzaren egitura

Ordenantza hiru titulutan egituratzen da eta 35 artikulu eta zazpi xedapen dauzka.

  • Atariko Tituluak hiru artikulu dauzka eta xedea, helburuak, aplikazio eremua eta ordenantzaren hastapenak zehazten dira.
  • Tituluak kapitulu bi dauzka eta udalak andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan dauzkan eskumenak, zereginak eta antolaketa zehazten dira.
  • Tituluak sei kapitulu dauzka eta generoaren ikuspegia gaur egungo udal administrazioan sartzeko neurriak arautzen ditu.
  • Tituluak lau kapitulu dauzka eta andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren sustapenaz dihardu, gaitasunei arreta emanda eta sekzioen arteko ikuspegia sartuz.
  • Ordenantzaren amaieran daude finantzazioari, jarraipenari eta ebaluazioari buruzko xedapen gehigarri bi, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapena.

 

Gaur egun, Bilboko Udalak Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako IV. Udal Planaren (2014-2017) ebaluazioa egiten ari da, 55 helburu eta 98 ekintza zehatzekin. Plan horren helburuak dira emakumeen ordezkaritza politiko eta sozialaren, segurtasunaren, familia eta lana uztartzearen eta autonomia ekonomikoaren aldeko neurrietan sakontzea. Era berean, udal egitura osoan berdintasuneko politiken zeharkakotasuna bermatu nahi da eta Bilboko gizartean balio-aldaketa eragin, genero-estereotipoak gainditzeko eta bizitzaren arlo guztietan gizonen eta emakumeen erantzukizuna erdiesteko.

Plan hori 2014an egin zen hainbat saileko langileen partaidetzarekin eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluan parte hartzen duten elkarteen partaidetzarekin. Horiek definitu zituzten Berdintasunerako IV. Udal Plana egiteko eta gauzatzeko lehentasunak eta irizpideak. Gainera, herritar askok hartu zuten parte, barrutietako kontseiluetako batzorde soziokulturalen bidez, kalean jarritako karpen bidez edo udalaren webgunearen bidez (www.bilbao.eus).

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako Udal Planak (2014-2017) lau lehentasun ezartzen ditu:

  • Andrazkoen autonomia ekonomikoa ahalbidetzea.
  • Andrazkoen ordezkaritza soziala eta politikoa.
  • Familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzea.
  • Andrazkoen segurtasuna, prebentzioa eta genero indarkeriaren biktimei arreta ematea.

Balorazioa bukatzen denean, 2018ko ekitaldian indarrean sartuko den Berdintasunerako V. Plana egingo da.