Harrapazank programaren 14. edizioa abian da

uriola.eus 2018ko urt. 24a, 11:58

Harrapazank

Otsailean abiatuko da Harrapazank programa 8 eta 18 urte bitarteko gazteen artean kultura, sormena eta euskara sustatzeko. Distirazank, Sortuzank eta Bilrobot programek osotuko dute 14. edizioa.

Harrapazank otsailean abiatuko da. Hamalaugarren edizioa izango da. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, berriro ere gazteentzako Harrapazank programa jarriko du abian. Helburua, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta motibatzea, modu erakargarri eta berritzaile batean.

Ekimen hau, 8 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat da, euren gustuen araberako jarduerak eta esperientziak euskaraz eskainita.

Harrapazank-en barruan programa bi daude:

1-.DISTIRAZANK, gazteek trebezia artistikoak eta euren sormena eta talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan.

Kategoria bi daude:

  • Harrapazank Junior, 9 eta 13 urte bitartekoentzat.
  • Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat.

Kategoria bietan kastina egingo da gazteek euren talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan. Kastinak martxoak egingo dira.

Hori egin aurretik, barrutietako udaltegietan, otsailaren 12tik martxoaren 12ra, irakasle profesionalen laguntza izango dute entsegu trinkoetan euren gaitasunak hobetzeko. Profesional hauek izango dira trebeziak hobetzen laguntzen: Iratxe Urkiaga, Jon Casamayor, Ugaitz Alegría, Andrea Lopez, Ines Bermejo, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri eta Urtza Zuazo.

Hilabetez gogor entseatzen eman ondoren, martxoaren 19tik 29ra bitartean kastinak egingo dira Bilborock Aretoan. Kastinetara nahinor joan daiteke ikustera. 3 profesional izango ditugu epaimahaian: Ugaitz Alegría, Ylenia Baglietto eta Egoitz Txurruka. Kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dituzte. Talde horiek maiatzean egingo diren azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan, eta gainera, irabazleak aukeratuko dira. Baina finala baino lehenago, apirilaren 27an, hautatutako taldeek masterclass bat edukiko dute euren emankizuna lantzeko.

Seniorren finala maiatzaren 5an, 19:00etan egingo da eta juniorren gala maiatzaren 6an, 18:00etan. Final horietan kategoria bakoitzeko 500na euroko sari bi banatuko dira. Miren Gaztañaga izango da final bietako aurkezlea eta Unai Goikolea DJ-a.
Beste alde batetik, finalera pasatzen ez diren partaideek ikasten jarraitzeko aukera izango dute arteetako eta kulturako profesional batekin, Eire Larrearekin, hain zuzen ere. HOBEKUNTZA TAILER hori Begoñako Barrutiko udaltegian egingo da, apirilaren 27an.

Gainera Harrapazank programaren jarraipena Youtubeko kanalaren bidez eta sare sozialetako Twitter, Facebook eta Instagram-eko profilen bidez egin ahalko da.

2-. SORTUZANK eta BILROBOT tailerrak.

SORTUZANK tailerretan gazteek euren zaletasunetan eta sormenetan sakontzeko aukera dute. 9 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat da. Gaiak hauexek: graffitia, youtuberra, argazkigintza, norberak arropa bere gustura moldatzea, makillajea, zinema eta kazetaritza.

Tailerrak otsailaren 13tik martxoaren 2ra bitartean egingo dira:

  • Kazetaritza-tailerra. Otsailaren 13an, Begoñako Barrutiko Udaltegian.
  • Stop Motion izeneko tailerra. Otsailaren 14an, Ibaiondoko Barrutiko Udaltegian.
  • Argazkilaritzako tailerrak smartphone-aren bidez. Otsailaren 15ean, Errekaldeko Barrutiko Udaltegian.
  • Youtuber-tailerrak. Otsailaren 16an, Deustuko Barrutiko Udaltegian.
  • Arropa moldatzeko tailerra. Otsailaren 19an, Santutxuko Barrutiko Udaltegian.
  • Makillaje tailerra. Otsailaren 20an, San Ignazioko Barrutiko Udaltegian.
  • Marrazki-tailerra. Otsailaren 121ean, Castañoseko Barrutiko Udaltegian.
  • Zine-tailerra. Otsailaren 22an, Zorrrotzako Barrutiko Udaltegian.
  • Graffiti-tailerra. Otsailaren 23an eta martxoaren 2an, Euskalduna zubiaren azpian.

BILROBOT, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat: errobotikako tailerrak, bideo-jokoak, popping dantza –dantza errobotikoaren erako dantza- egingo dira. Aurreko urte bietako eskaria ikusita, aurten eskaintza handiagoa egongo da. Guztira, 17 tailer egingo dira. Martxoaren 9tik apirilaren 27ra egingo dira Euskararen Etxean, eta Ibaiondoko, Begoñako, Santutxuko eta Deustuko udaltegietan.

Sortuzank eta Bilrobot tailerretan egiten diren lanak maiatzaren 11n egingo den jai-erakusketan erakutsiko dira San Ignazioko Euskararen Etxean.

Programa hauetan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus web-orrian. Epea irekita dago otsailaren 5era arte. Plazak mugatuak dira eta hortaz, zozketa egiten da eskaria egin dutenen artean. Zozketa otsailaren 6an egingo da eta emaitza mezu elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie partaide guztiei.

Nobedadeak

Aurtengo edizioan, iazko Izarren Hautsa-ko finalistek -Maddi Urkijo, Miriam Lujua, Maddi Gutierrez, Jonatan Yelamos eta Ane Zugaza- egindako abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte, Xabi Hooren zuzendaritzapean. Bost horiek kantatuko dute abestia, bideoklipean Izarren Hautsa-ko partaideak ondoan dituztela. Bideoklipean beste artista ezagun batzuk ere aritu dira, Itziar Ituño, Roberto Tananta, Jon Casamayor eta Endika Abellan.

Aurtengo beste nobedade bat da, HARRAPAZANK BACKSTAGE-ren bidez, Youtuber gazteek Distirazank-en eta tailerretan gertatzen denaren berri kontatuko dutela.

Bideo laburrak izango dira, Harrapazank-eko programetan parte hartu duten neska eta mutilek egindakoak. Ekitaldien berri emango dute. Bideo horiek Harrapazank-eko youtube kanalean jarriko dira; horien gidari Iban Garcia youtuberra izango da.

Informazio guztia webgune honetan dago: www.harrapazank.eus. Edozein modalitatetan parte hartu ahal izateko gurasoen baimena behar da.

 

[2018-01-11] Harrapazank programan izena emateko epea ireki dute