Red Bull Cliff Diving Bilbora itzuliko da ekainaren 30ean

uriola.eus 2018ko urt. 25a, 12:54

Red Bull Cliff Diving

Red Bull Cliff Diving ekitaldiaren egoitza izango da Bilbo beste zazpi hirirekin batera. Ekainaren 30ean, 27 metroko garaiera duen Salbe zubitik mundu mailako jauzilari onenek salto egingo dute.

Red Bull Cliff Diving ekitaldia bueltan da. Aurten, ekainean etorriko dira mundu mailako jauzilari onenak Salbe zubitik salto egitera. Ekainaren 30ean izango da lehiaketa, txapelketaren bigarren jardunaldia izanik. 

2015. urtea izan zen jauzilariak ikusteko azkenengo aukera, AEBeko Steven LoBue irten zen garaile edizio horretan. Urte bat lehenago, 2014ean, ospatu zen lehenengo aldiz lehiaketa hau Bilbon. Egun horretan Errusiako Artem Silchenko izan zen irabazlea. 

Bi urtez egon ziren Guggenheim museoaren aurreko zubian Red Bull Cliff Diving ekitaldiko kirolariak. Baina, azkenengo bi urte hauetan, lehaiketatik kanpo egon da Bilbo. Ekainaren 30ean berriz itzuliko dira Salbe zubira eta bi urte horietan bezala, jendetza hurbiltzea espero da salto ikusgarri horiek zuzenean ikusteko.