Gaur goizean, udaletxean, batzar berezi bat egon da TAOko langileen egoera dela eta. Alfonso Gilek enpresa pribatu baten eta beraien langileen arteko gatazka dela adierazi du. Beraz, errespetuagatik, Udala ez dela erdian zertan sartu behar aitortu du. Baina, lehenengo egunetik lanean egon direla eta gauzak nola doazen dakitela argitu du: “Nik ez dut negoziazioa kaltetu dezakeen ezer esango publikoaren aurrean, gauza hauek era pribatu batean hobeto egiten dira eta gaur goizean beste batzar bat daukate".
Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkaria den Alfonso Gilek TAOko langileen eta enpresaren arteko egoera konponduko dela adierazi du, baina ez du inolako daturik aipatu. Bien arteko jarrerak non daudela ez dakiela azaldu du baina gaurko bileran esperantzak dituela adierazi du: "Gaur berriro bilduko dira enpresa eta langileak, gero eta hurbilago daude, baina hasieran oso urrun zeuden eta hori ez da konpontzen egun batetik bestera".
Goazen Bilbao udal-taldeak eskaturik, TAO kudeatzen duen enpresaren eta langileen egoera batzordean azaldu du. Ia hilabete bat greba mugagabean egon arren, langileen eta enpresaren jarrera gutxi aldatu da. Batzarrean adierazi dutenez, enpresa soldatak igotzeko prest azaldu da, baina kaleratutako zazpi langileak ez ditu berriro onartu nahi.
Samir Lahdou Goazen Bilbao taldeko bozeramaileak, enpresaren proposamen hori tranparekin datorrela adierazi du: “%12ko soldata igoera proposatu diete, baiana 210 lan-ordu egin beharko dituzte lortzeko, hori ez da soldata igoera eta ezin daiteke horrelakorik onartu”. Horrez gain, Alfonso Gileri bitartekari lanak egitea proposatu dio.
Hildo beretik joan da EH Bilduren ekarpena. Beraien ustez, Alfonso Gilek ere bere jarrera aldatu beharko luke. “Udala gatazka horretan sartu behar da. Kasu honetan, bere betebeharra bitartekari lanak egitea da. Bi parteentzat gustukoa izan daitekeen soluzioa bilatu behar du Udalak, gatazkari amaiera emateko”.
Bozeramaile abertzaleak ahalik eta azkarren enpresarekin eta batez ere langileekin biltzera animatu dio Alfonso Gileri. “Hemen gezur asko eta egi asko bota dira, bi aldeetatik, eta hau konpontzeko era bakarra guztien arteko bilera da, eta udala bertan egon behar da bitartekari lanak egiten."
Amaitzeko, ordainketen eta isunen egoera azaldu du Alfonso Gilek: “Langileen %66a greba egiten ari da, eta hori errespetatzen dugu. Ditugun baliabideekin 'auto-lapak' isundu ditugu bakarrik, hau da, denbora asko leku berdinean ordaindu barik gelditu diren autoak edo ondo dabilen parkimetro baten alboan aparkatu dutenak."