Gure Esku Dago plataformak 202 kilometroko giza katea antolatuko du

uriola.eus 2018ko urt. 29a, 11:01

Bilbo, Donosti eta Gasteiz giza kate batekin lotzea izango da plataformaren hurrengo helburua. 201,9 kilometro izango ditu giza kateak eta ekainaren 10ean egingo dute. Gutxienez 100.000 pertsonen laguntza beharko dira giza katea osatzeko.

Gure Esku Dago plataformak Bilbo, Donosti eta Gasteiz giza kate batekin lotzea lortu nahi du. Horrez gain, bost hilabetean erabakitzeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri, datorren astetik aurrera hiriburuetan antolatutako mahai-inguruetan hasita. Ekainaren 10ean, milaka lagun, arrazoiz betetako zapiak tarteko, elkartuko dituen giza katean plazaratuko dituzte aurreko hilabeteetan jasotako arrazoiak. “Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu”, azaldu du Angel Oiarbide GEDren bozeramaileak.

Oiarbidek azpimarratu du Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean: “Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest”. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 pertsona beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute. Datozen egunetan jarriko da martxan izen-ematea, interneten zein herrietako taldeen eskutik.

Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk izendatuko zaizkio. Eskualde horietako herritarrak esleitutako puntuetara joan beharko dira giza katea osatzen dela ziurtatzeko.