Pentsio duinak eskatzeko manifestazioak egingo dituzte

uriola.eus 2018ko urt. 31a, 09:59

Argazkia: Ecuador Etxea

Bilboko udaletxearen aurrean protesta jendetsua burutu dute aste honetan adinekoek. Pentsioak Kontsumoko Prezioen Indizea baino gutxiago igo direla eta horrela erosteko ahalmena galtzen jarraituko dutela salatu dute. Horrez gain, protestekin jarraituko dutela adierazi dute.

Pentsionistak Martxan plataformak protesta egin du udaletxe inguruetan finkatutako urteroko %0,25eko igoeraren aurka. Izan ere, Kontsumoko Prezioen Indizeak hori baino askoz gehiago igo da aurten, beraz, pentsioa kobratzen dutenek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute.

Horrez gain, pentsionisten plataformak, beste eskakizun batzuk zabaldu ditu. Pentsioen igoeraz gain, gutxieneko pentsioak igo daitezela eskatu du, 1.080€ra igo daitezela hain zuzen. Eta, bide batez, Zerbitzu Sozialak berrindartu behar direla aldarrikatu dute.

Plataformak adierazi duenez "Ez dago aitzakiarik, izan ere pentsiodunon erosteko ahalmenaren galera 2011tik hona %6,5ekoa izan da. Pentsio apalenak osatzeko ezartzen diren RGIko diru laguntzen jaitsiera denbora horretan %13,5ekoa izan da.  Etorkizunari begira eta 2022ra arte Rajoyren Gobernuak inposatutako %0.25eko igoera ezartzen ba digute, gure erosteko ahalmena gainbehera joango da."

Beste aldetik, pentsio-erreformaren kontra ere azaldu dira "2011tik hona ezarritako pentsio-erreformen ondorioz pentsioen kalkulua egiteko erabiltzen den Oinarri Erregulatzailea, %19an jaitsiko da, orain arte 15 urte kontuan hartzen ba ziren, hemendik aurrera 25 urte hartuko direlako. Menpekotasunera bideratutako Zerbitzu Sozialak, eten gabe pribatizatzen ari dira eta ondorioz, kalitatea nabari jaisten ari da."

Horregatik, azken aldian udaletxearen aurrean egiten ari diren elkarretaratzeak, gero eta jende gehiago biltzen dituzte. Deialdiak egiteko mugikorrak eta Sare Sozialak erabiltzen dituzte eta gauzak aldatu arte horrela jarduten jarraituko dutela adierazi dute. Hurrengo elkarretaratzea otsailaren 5ean egingo dute.