Lau langile hil ziren atzo Bizkaian lan istripuetan

uriola.eus 2018ko ots. 2a, 10:53

Elkarretaratzean ateratako argazkia

Galdakaoko auto istripuan eta Loiuko lan istripuan lau langile hil ziren atzo. Guztira, Hego Euskal Herrian, zortzi langile hil dira lan istripuz urtea hasi zenetik, hauetatik lau garraiolariak ziren.

Atzoko lan istripua dela eta, elkarretaratzeak egin dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta UGT sindikatuaren egoitzaren aurrean. Aurten, urtea hasi zenetik, 8 langilek euren bizia galdu dute beraien lan postuetan, eta joera aldatzeko beharra dagoela adierazi dute sindikatuek elkarretaratzean.

Galdakaon 31 urteko garraiolari bat eta 41 urteko autobus gidari bat hil ziren, kamioia eta autobusa aurrez aurre talka egin ondoren. Sindikatuek garraio sektorearen baldintza prekarioak salatu dituzte, eta hauek berehala aldatu behar dituztela exijitu dute.

Izan ere, gidatzeko ordutegiak eta lan zama gero eta handiagoa izaten dela esan dute, eta horrek istripuak sortzen dituela. Horrez gain, garraiolariek lanaldian dituzten istripuak estatistika ofizialetan agertzen ez direla salatu dute. Beraz, lan istripu hauek ez dira ikertzen, eta ez dituzte beharrezkoak diren neurri prebentiboak ezartzen.

Sindikatuek lana modu seguru eta duinean egin behar dela adierazi dute berriro, gaur egun oraindik garraiolariek euren bizia errepideetan arriskuan jartzen dutelako. Batez ere azken urteetako prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla eta. Lan istripu hauen aurrean neurriak hartzeko, eta senide eta gertukoei beraien elkartasuna eta doluminak adierazteko bildu dira gaur langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.

Loiun, intoxikatuta

Eguneko bigarren lan ezbehar hilgarriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, beste bi langile hil ziren atzo arratsaldean Bizkaian. Hain zuzen ere, lan ezbeharra Loiun gertatu zen, eta ustez intxoxikatuta zendu ziren bi gizonezko.