Bruno Zubizarreta, EH Bilduko zinegotziaren iritziz, gobernuaren jarrerak "ez du lagundu lan gatazkaren irtenbidean". Alfonso Gil zinegotzia zerbitzu horren arduradun politiko nagusia da, eta "ezin da geratu beste alde batera begira". Zerbitzua azpikontratatua egoteak "ez du esan nahi gobernuak beste alde batera begiratu dezakeela". Zubizarretaren esanetan, "kontrol lana egin behar du gobernuak, eta ez dute horrelakorik egin. Gilek esan duen gauza bakarra da egoerak hobera egingo duela, baina ez du hartzen inolako neurririk”.
Alfonso Gilek ez du bitartekari lanik egin, Amaia Arenal UdalBerriko zinegotziaren ustez, "egin duena bere jarrera agertzea izan da, lehenik gutxieneko zerbitzuak eskatzerakoan langileen aurka jota; eta gero, zenbait parkimetrok jasandako kalteen ondoren, horiek kriminalizatzeko adierazpen publikoak eginda". Gertakari hauek, izan ere, berehala gaitzetsi zituen Enpresa Batzordeak. Arenalen arabera, "ez da ahaztu behar lan gatazka honen biktima nagusiak kaleratutako zazpi langileak eta, kobratu gabe, dagozkien lan eskubideak defendatzearren hilabete greban daramaten euren lankideak direla".
Francisco Samir Lahdou Goazen Bilbaoko zinegotziak ere Gil Mugikortasun zinegotziak "aukera ederra" daukala esan du. "TAOko langileek ez dute ezer eskatzen. Negoziatzeko prest daude". Zentzu horretan, "ez ezkutatzea" eskatu dio Gili. Hain zuzen ere, ardura bere gain har dezala eta gatazkan bitartekari lana egin dezala eskatu dio.
Hilabete
Kaleratutako zazpi lankideak lanera bueltatu daitezen exijitzeko greba mugagabea hasi zuten urtarrilaren 2an Bilboko TAO zerbitzuko langileek. Langileen Batzordeko ordezkariek azpimarratzen dutenez, "uneoro adierazi dugun bezala, kaleratze hauek ez dute arrazoi diziplinariorik. Bilboko TAOn benetan gertatzen ari denaren arreta desbideratzea bilatu nahi dute enpresaren zuzendaritzak eta Bilboko Udalak. Lan baldintza berriak inposatu nahian dabilen enpresa baten xantaia estrategia da".
Langileen Batzordearen esanetan, Bilboko Udala da TAO-OTA zerbitzuaren "kudeaketa lotsagarriaren arduradun nagusia" da. Izan ere, online sistema berriaren akatsen ondorioz, Eysa-Cycasa enpresari 120.000 eurotako zigorra ezarri zion. Orain, enpresaren zuzendaritzak zigorra "zazpi lankideen kaleratzetan bihurtu du. Lan baldintza berriak inposatu nahian dabilen enpresa baten xantaia estrategia da".
"Ez gaitezen nahasi", diote Langileen Batzordeko kideek: "Udalak TAO sistema berria exijitzen du; Udalak enpresa presionatzen du; enpresak hitzarmenaren mahai negoziaketan bere lan baldintza berriak ezartze aldera presionatzen du; langileon ordezkariok ez dugu onartzen gure eskubideen zapalkuntzarik; enpresak aldebakarrez inposatzen ditu lan baldintza berriak. Hori da errealitatea".