Miribilla rules proiektuan egin bezala, kantuan eta dantzan jaso dute Miribilla HLHI ikastetxeko kideek Arabiar Aretoan egindako lan onari aitortza, 'Bilbao Iparraldea-Hegoaldea. Eskola Solidarioak' sarien zazpigarren edizioan. Bilboko ikastetxeek beren eskola orduetan balioetan hezteari eskaintzen dioten denbora nabarmendu nahi du sariak, bereziki elkartasunaren, kulturartekotasunaren eta Giza Eskubideen babesaren alorrean. Eta Miribilla rules proiektuak "jarduera ludiko eta unibertsal baten bitartez bizikidetza sustatzea izan du xede", epaimahaiaren arabera. Hain zuzen ere, "eskolako komunitatea osatzen duten kide guztiek elkarrekin kantatzea bultzatu ditu, eta auzo osora zabaldu da jarduera".
Ikasle, guraso eta irakasleen artean, guztira, Miribilla Eskolako 70 bat lagun bertaratu dira Udaletxera, gitarra eta kaxaren erritmoarekin ikastetxean duten kultur aniztasunari eta ezberdinen arteko elkarbizitzari kantatzera. Izan ere, ikastetxe horretan 24 herrialdetako eta hainbat etniatako kideak daude, zein bere hizkuntzarekin. Aniztasuna eta elkarbizitza gai transbertsalak dira eskolan, besteak beste, "tutoretza guztietan lantzen diren gaiak", Izaskun Alonso zuzendariaren esanetan. Ikasturtean zehar, hainbat ikasle sartu eta irteten direnez, "harrera plan on bat" daukate martxan "aniztasuna eta elkarbizitza egunerokoan jorratzeko".
Miribilla rules proiektuak erakusten du, ezberdinen artean, elkarlanean oinarrituta, posible dela eskolako komunitate osoa inplikatzea helburu jakin baten inguruan. Kasu honetan, arrazakeria gaitzetsi eta aniztasuna goraipatzen duen euskarazko abesti baten ikasketa prozesuan. 11 Kolore elkartearen laguntzarekin, guraso elkarteak abian jarritako egitasmoa izan da.
Aburto alkatearen eskutik jasotako sariak, batetik, Miribilla eskolaren irudia bai auzoan bai hirian aldatzen lagunduko duela uste du Izaskun zuzendariak. Bestetik, zentroari "prestigioa" ematen dio eta, hori eskolako komunitatearentzat "harrotzeko" arrazoia da. "Balioak lantzen dituen ikastetxe on bat da gurea", dio Izaskunek, eta gurasoen artean eta auzoaren aurrean mezu hori zabaltzeko balioko du sariak.
[2017-12-15] Aniztasunetik elkarlanera, estigma eta aurreiritzien aurka