Elkartasuna, gogoeta eta berri zuzenak

uriola.eus 2018ko ots. 15a, 12:19

Gobernu Zibilaren aurrean 2017ko urrian buruturiko ekimeneko irudi bat

Gure Esku Dagok eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren areto nagusian ekitaldia antolatu dute, preso politiko katalanei eta gainerako errepresaliatuei elkartasuna adierazteko, ikuspuntu juridikotik gogoeta egiteko eta ANC eta Omnium Cultural entitateei ahotsa eskaintzeko. 

Demokrazia eta eskubide zibil eta politikoen ikuspuntutik, Kataluniako gertakizunek "gero eta kezka biziagoa" sortarazi diote Gure Esku Dago dinamikako kideei. Diotenez, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urraketak "zenbatu ezinak" dira, eta egunez egun, "bidegabekeriaren markak hausten ari dira".

Bihar, hilak 16, lau hilabete beteko dira ANCko lehendakari Jordi Sanchez eta Omnium Culturaleko lehendari Jordi Cuixart espetxeratu zituztela. Laster ere, 100 egun beteko dituzte preso Oriol Junqueras lehendakariordeak eta Joaquim Forn Barne kontseilariak. "Presoen egoera lazgarritik harago, bidegabekeria, arbitrarietatea, errepresioa eta askatasun falta gero eta zabalduagoak dira", Gure Esku Dagok salatu duenez.

Egoera hau kontuan hartuta, Gure Esku Dagok eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak "elkartasun ekitaldia" antolatu dute gaur, otsailak 15, Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren areto nagusian –Uribitarte 2–. Hiru helburu nagusi ditu gaurko ekitaldiak. "Elkartasuna adieraztea preso politiko katalanei eta gainerako errepresaliatuei, gogoeta bat egitea ikuspuntu juridikotik eta Kataluniako ANC eta Omnium Cultural entitate sozialei ahotsa eskaintzea bizi duten egoeraren berri zuzena eman dezaten".

Ekitaldian parte hartuko dute Gure Esku Dagoko bozeraimaile Zelai Nikolasek, Erabakizaleak elkarteko abokatu Irantzu Perellok eta Iñigo Santxok, ANCeko lehendakariorde Agusti Alcoberrok eta Omnium Culturaleko lehendariorde Marcel Maurik. 

Sarrera librea izango da, aforoa bete arte.