Eraso "oso larritzat" jotzen du SOS Racismo Bizkaiko Omar Boudaaoui kideak Macareta hirian joan den larunbatean, otsailak 3, gertatutakoa. "Ez da oharkabean pasatzen den eraso faxista, ezohiko eraso arrazista izan da". Kalean, tiroz, sei gazte beltz zauritu zituen Lega Nord alderdiko kide batek. "Zerbait berria da", eta "pauso bat haratago doa" erasoen eskalan. Horrek sutzen du Omar, batez ere, "ideologia faxista duen talde antolatu batetik egindakoa" baita.
Kezka sortu duen gertakaria "kalean publikoki" salatzea beharrezkoa da Bizkaiko SOS Racismo elkartearen iritziz, Italian gertatua "hemen ere gerta daitekeelako". Izan ere, "diskurtso faxistei gizartean hazten onartzeak horrelako egoerara garamatza, eta zilegitasuna ematen die faxistei". Ildo horretan, Europa osoan zabaltzen ari diren diskurtso "arriskutsuei" aurre egitera dei egin du elkarteak.
Gaur 19:00etan SOS Racismo eta Sare Antifaxistako kideak Italiako Kontsulatuak Bilbon duen egoitzaren aurrean –Ercilla 14– kontzentratuko dira Il fascismo e terrorismo lelopean.
Erasoa
Joan den larunbatean, Macareta hiriko hainbat lekutan arraza beltzeko pertsonen aurka tiro egin zuen bere kotxetik Luca Traini izeneko gazteak, "gora Italia" oihukatzen zuen bitartean. Sei pertsona zauritu zituen. Horietako bat egoera larrian eraman zuten ospitalera. Bigarren Mundu Gerrako hildakoak omentzen dituen monumentuaren ondoan, agur faxista eginez ari zela, atxilotu zuten.
Traini Lega Nord alderdi arrazista eta xenofoboko hautagai izan zen 2017ko udal hauteskundeetan.