2014an Kriminologiako Euskal Institutua 1960-2010 bitarteko tortura kasuen errolda osatzen ari zen, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Bake eta Bizikidetza Planaren baitan.
Paco Etxeberria mediku-forentseak zuzentzen zuen proiektuan hainbat bilbotarrek beren testigantza eman zuten. Horietako hiru izan ziren Juanjo Arrizabalaga, Uxua Olalla eta Naia Zuriarrain. Hirurak izan ziren torturatuak, indar polizial desberdinek torturatuak, garai desberdinetan.
1975ean, Franco hil aurretik, atxilotu eta torturatu zuen Polizia Nazionalak Juanjo. 1997an, lehenengoz, eta 2010ean, bigarrenez, tortura jasan zuen Naiak. 2002an atxilotu eta torturatu zuen bost egunez Guardia Zibilak Uxua.
Hirurek salatu dituzte sufritutako torturak, eta tortura kasuak ikertzeko eta zabaltzeko egitasmoetan parte hartu dute. Euren aburuz garrantzitsuak dira torturaren inguruan egiten diren lan guztiak, baita Kriminologiako Euskal Institutuak esku artean duen erroldaren osaketa ere. Ikerketa hori lan osatua izateko torturak jasan eta salatu ez dituzten pertsonen parte-hartzea eskatu dute. Jakin badakite, asko eta asko direla salaketaren urratsa eman ez dutenak. Horiei ausart jokatzeko eskatu diete, aldaketaren bat lortu ahal izateko bide bakarra dela uste dute.