Saltzaile ibiltarien bizimodua asko aldatu da autonomo gisa kotizatzeko aukera onartu zaienetik. Hilean 200 euroko oinarria dutela kotizatu ahal izan dutenak egoera irregularrean egotetik erresidentzia baimena izatera pasa dira. 200 euroko oinarria "zentzuzkotzat" jotzen du, besteak beste, Bizkaiko SOS Racismo elkarteak. Omar Boudaaoui eledunaren hitzetan, horri esker migratzaile asko erresidentzia baimena lortzera ez ezik berritzera ere iritsi dira.
"Bat-batean", ordea, "ezustekoa" hartu dute. Irizpideak aldatu ditu Administrazioak; Bilbon, Atzerritarren Bulegoak. 200 euroko oinarria, 800 euroko da egun. Kopuru hori "handiegia" da, eta saltzaileen "irismenetik kanpo dago, lanbidearen prekaritatea dela eta". Hori horrela, azken hilabeteetan Atzerritarren Bulegora erresidentzia baimena berritzera jo dutenek ezin izan dute baimena berritu. "Ukatu egin diete eskaria". Administrazioa atzerritarrekin jolasean ari dela salatu du SOS Racismo elkarteak: "Gaur baimena emango dizut eta bihar kenduko dizut. Horrela ari da". Jolasean eta "kontraesanean", gainera. "Gobernuak ezkutuko ekonomiaren aurka ari dela dioen arren, horrelako neurriek ezkutuko ekonomia sustatu baino ez dute egiten. Denok dakigu erresidentzia gabeko pertsonak ezkutuan lan egin behar dutela jan ahal izateko. Eta milaka dira egoera horretan daudenak".
'Paperak' izatea pertsona ororen eskubidea dela defendatzen dute, "ez pribilegioa". Izan ere, egoera irregularretik irteteak "beldurrik gabe" mugitzeko aukera ematen die, "izerdiaren truke lana bilatzeko aukera". "Nolabait", babestu egiten ditu "basatiki esplotatu eta bereizi" egiten dituen Atzerritarren Lege "arrazistatik". Lege horrek "eskubide, babes eta etorkizun gabe" uzten dituelako.
Elkarretaratzea
Mbolo Moye Doole 'manteroen' eskubideen aldeko elkarteak bihar, otsailak 14, elkarretaratzea egingo du 11:00etan Atzerritarren Bulegoaren aurrean – Kale Nagusia 50–, "klandestinitatearen zuloan berriro ere sartu nahi gaituen erabaki politikoaren aurka". Elkarteko kideek "borroka luzea" izango dela aurreikusi dute. Biharkoak "beste protesta asko izango ditu atzetik".
Argazkia: AranZazu