MTV Europe Music Awards, BBK Live, Red Bull saltoak edota Fifa 2020 bezalako ekimenek Bilbo "aisialdi merkantilistara bideratutako eskaparate hiria" bihurtzen dute Ernai gazte erakundearen arabera. Ekimen hauek sustatzen duten hiri ereduak kolorezko argiekin "gazteontzako prekarietatea" ezkutatzen duela salatu du Ernaik Bilbo Bizia izeneko dinamikaren baitan, "gutxi batzuen aberastea eta espazio publikoen lapurketa" dakartelako: "Hau da, ustelen erregimenak, Bilbon, PNV-EAJren eskutik egiten digun hiri eskaintza. Gran Viako multinazionalak ardatz dituen hiria. Espazio publikoaren erabilera gero eta arautuago duen hiria. Data zehatzez haratago, egunerokotasunean Bilboko gazteontzat hilda dagoen hiria".
Ez ditu gustuko Ernaik MTV bezalako telebista kateak antolatutako sari banaketak, ez erakundeek ekimen horren inguruan zabaldutako mezuak. "Aberastasuna ekarriko dutela saldu nahi digute, baina guk argi daukagu kea besterik ez dela. Gazteontzat sortuko diren lan aukerak aldi baterako lan prekarioa baino ez dira. Bitartean, guk emantzipaziorako aukera barik jarraituko dugu, haiek gune autogestionatuak desalojatzen jarraituko dute, eta emakumeok zapalkuntza egoera iraunkorrean jarraituko dugu".
Ernaiko gazteek Bilbo "bizi" baten aldeko apostua egin nahi dute. Auzoz auzo eraikitako Bilbo baten aldeko apostua. Gune autogestionatuak bere egiten dituen Bilbo baten aldekoa. "30 urte izatera itxaron gabe, emantzipatzeko aukera emango diguten lan eta etxebizitza aukerak eskeiniko dizkigun hiriaren aldeko apostua. Gure aurreko belaunaldiek borrokan irabazitako eskubideak bermatuko dituena. Instituzionalizatutako propaganda moretik haratago, neska gazteon borroka bere egingo duen hiria. Bizirik dagoen Bilbo baten aldeko apostu irmoa".
Ildo horretan, Bilboko gazteen oraina "borrokan" dagoela adierazi du Ernaik, eta dei egin die gainerako gazteei "hiria lapurtu nahi diguten trajedunen aurrean jarri eta ezetz esateko". Udalaren hiri ereduak gazteentzat eskaintzarik ez duelako. Hori dela eta, erakundeak "saretzeko" eta "konplizitateak sortzeko" mezua zabaldu du bilbotarren artean, "gure hiria lapur ez diezaguten".