Izaro Andresen bigarren lana bihar jarriko da salgai. Eason izena daraman diskoa Donostiari egindako maitasun gutun bat dela aitortu du: "Bertan bizi izan dudan guztiari eta bertan topatu naizen horri dago eskainia. Bidai bat da, galduta zauzela konturatzen zaren une horretatik zoriontasun bateraino. Azkenean bizitza batek horrelako aldaketak dauzka".
Lehenengo diskoaren jarraipena den arren, aldaketa nabarmenak dakartza lan berriak: "Kantu klaseak eman ditut, eta instrumentuak beste era batean ezagutzen ari naiz orain. Lan honetan laga behar nuena laga dut. Aurrerapauso nabarmenak daude, eta asko nabari da disko hau egiten dibertitu naizela".
Diskoa bihar kaleratuko da, nahiz dagoeneko bi abesti aurreratu dituen. Martxoan aurkezpen birari ekingo dio. Guztira, 20 kontzertu baino gehiago eskainiko ditu datozen hilabeteetan, Bilbotik hasita.
Izan ere, martxoaren 8an antzoki handietara egingo du salto. Arriagara eta Victoria Eugeniara, hain zuzen. Eta gero Madril, Bartzelona, Galizia, Mexiko… Bere disko berriak ikusmin handia eragin du. Donostian sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko, eta Bilbon 100 sarrera bakarrik gelditzen dira salgai. "Paniko egoera batean sartu naiz, antzoki handiak baitira", dio. Galizian, esaterako, Belako taldearekin partekatuko du eszenatokia. Leku bakoitzean "gauza berezi bat" eskaintzea du xede Izarok.
Er(h)ori-ren pop askatzaile eta energikoa, Zure ezpainen itsasoan-en sakontasuna eta edertasuna, La Felicidad-en Latinoamerikara bidaia, edo bere Kaliforniako iraganera Devil-en bluesarekin edota Pick Up, Zuri Begira sehaska-kanta… Begirada eta kolore askoko diskoa da 'Eason', poliedrikoa eta konplexu gabea, Izaroren mundua bezala.