Euskaraldia

Euskaraldian parte hartzeko herrien izen-ematea zabaldu dute

uriola.eus 2018ko ots. 21a, 10:11

Euskaraldiarekin bat egin duten zenbait herrietako ordezkari

Hamaika egun euskaraz ekimenean parte hartu nahi duten herriek apirilaren 8ra arte izen-ematea zabalik edukiko dute. Herritarren izen-ematea, berriz, irailaren 20tik aurrera izango da.

Euskaraldian parte hartzeko herrien izen-ematea zabalik dago. Euskal Herri osoan aldi berean abiatuko den euskararen aktibaziorako egitasmoaren lehen izen-emate fasea aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.

Egitasmo hau aurkeztu zenetik, hiri eta herrietan lanari ekin ahal izateko batzordeak sortzen ari dira. Batzorde hauek elkarlanetik loratutakoak dira, eragile, erakunde eta eta entitate guztien borondatearekin. Goizeko prentsaurrekoan adierazi dutenez, "komenigarria da apirilaren 8a baino lehen herrien izen-ematea egitea, baina ez da beharrezkoa batzordea sortua egotea izena eman ahal izateko".

Herriz-herri batzordeak sortzen eta antolatzen hasi dira. Aktibazio sozialerako proposamena garatzen ari direla aitortu dute, eta, horrez gain, tokian tokiko eragile publiko eta gizarte eragileen arteko elkarlanerako eremu izaten ari dira. Batzorde hauen egiteko garrantzitsuetako bat Euskaraldia "tokiko egoera soziolinguistikoa egokitzea" da. 

Herrien izen-ematea amiatu ondoren, udaberrian, euskaltzale eragile bila egingo du Euskaraldiak eta ahobiziak zein belarriprestak ezagutzeko aukera izango dugu. Eta, hurrengo pausua, irailaren 20an izango da, eta une horretan bai herritarren izen-ematea zabalduko da.

 

Euskaraldia 

Euskaraldia: hamaika egun euskaraz 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean abiatuko da. Egitasmoaren helburua hizkuntza ohiturak aldatzeko eta inertziak astintzeko ariketa soziala izango da. Herritarrek bi rolen artean aukeratuko dute: belarriprest edo ahobizi.

Belarriprest aukeratzen dutenek, euskaraz hitz egin behar dietela adieraziko dute. Ahobizi txapa dutenek, berriz, euskaraz egingo dute beti beraien lehen hitza.