Elurteren ostean normaltasuna da nagusi Bilbon

uriola.eus 2018ko ots. 28a, 12:59

1985etik izan den elurte handienak ez du "ezbehar larririk" eragin Bilbon, Udaleko ordezkarien arabera. Goizeko zailtasun eta trabak gaindituz joan dira orduek aurrera eta tenperaturak gora egin ahala. Arratsaldean normaltasuna da nagusi.  

Goizaldeko 4:30ean, "elurtearen garrantziaz" jabetuta, alerta laranjagatik abian zegoen operatibo berezia 14 ibilgailu eta 125 pertsonarekin indartzea erabaki dute Udaleko ordezkariek. Guztira, 40 ibilgailu eta 400 lagun aritu dira elurrak eragindako kalteak bideratzen. 

Garbiketa-lanetan aritu diren beharginei esker, goizeko 11:00etarako kale eta errepide nagusiak "zabalik" zeuden, Tomas del Hierro zinegotziaren esanetan. Goi-auzoek denbora gehiago behar izan dute normaltasunera bueltatzeko. 

Goizaldean eta goizean zehar udal suhiltzaileek ez dute kasu larririk artatu. Txapa kolpea izan duten zenbait ibilgailu, trafikoa oztopatzen zuten trabatutako autobusak, igogailu publikoetan harrapatutako pertsonak edota elur asko pilatu den andamioren bat edo beste. 

"Prebentzio neurri gisa", San Mameseko estalki berriaren azterketa egitekoak direla iragarri dute.

Udal anbulantziek bost esku-hartze izan dituzte, "larrialdirik ez", tartean, dialisi eta haurdunaldi kasu bana eta konortea galdu duen pertsona bat. 

Orduek aurrera egin ahala elurra urtuz joan da eta arazoak bideratzen. 

Garraio publikoan

Lehen orduan, elurra dela eta, Bilbobusek bertan behera utzi du zerbitzua. 13.00etarako martxan zen berriro ere.

Metroak eta tranbiak zerbitzuari eutsi dioten arren, maiztasuna ez da ohiko izan, eta erabiltzaile asko pilatu da lanerako orduan, batik bat, metroko nasetan. 

Artxandako Funikularrak normaltasunez eman du zerbitzua.

Termibusen lehen orduan arazo ugari izan dira autobusek kotxeretatik irteteko izan duten zailtasunagatik. Goizean linea gehienek atzerapen handiak izan dituzte. 

Ikastetxeak

Elurtea dela eta, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak erabaki du klaseak mantendu ala bertan behera utzi, bere egoeraren arabera. Bilboko ikastetxe gehienetan gaur ez dute klaserik izan. 

 

[2018-02-28] Bilbo zuri-zuri