Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen gatazka dela eta, lehen aipatutako sindikatuek manifestazioa antolatu dute. Esparru honetan 220 bat ikastetxe daude inplikaturik (EAEko itundutako irakaskuntzako % 70). Bertan 9.000 langilek egiten dute lan -irakasle eta ez-irakasle- eta 130.000 ikasle baino gehiagori eragingo dio gatazkak.
Sektoreko langileen harreman laboralak 2008ko maiatzean sinatutako Akordio batek arautzen ditu eta, jakina denez erabat zaharkiturik gelditu da oinarrizko hainbat arlotan. Horrela lansariei dagokienez, %13,6ko galdera izan da KPIren igoeraren eraginez. Bestetik, irakasleon lanaldian funtzio eta eginbehar berriek zama handiagoa ekarri du eta ordu osagarriak desagertu dira. Azkenik, prekaritate poltsak mantendu dira hainbat kolektiboetan (Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Haur Hezkuntza lehen zikloko langileak).
Hitzarmen berriko negoziazioak duela urte batzuk hasi zituzten arren, akordioetara iristeko Kristau Eskola eta AICEren borondate ezaren ondorioz, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen Hitzarmen kolektiborako negoziazio mahaia bertan behera gelditu zen. Sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek (ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT) jarrera hori adostu zuten. Aldi berean, mobilizazio fase bati ekitea erabaki zuten sindikatuek, patronalak edukien inguruan negoziaziora bueltatzen behartzeko helburuarekin.
Urtarriletik, asanbladak eta zonaldeko, auzoko nahiz herri mailako elkarretaratzeak ari dira burutzen, martxoaren 20rako iragarritako greba-eguna bultzatzeko. Ildo horretatik dator gaur egingo duten manifestazioa, lehen aipatu bezala, Alameda Rekalde 19tik (Escolapios ikastetxearen aurretik) irtengo dira arratsaldeko , 19:00etan, eta EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako langile guztiak deitu dituzte.