Bilboko Udaleko talde politiko guztiek Hiriaren Segurtasunaren aldeko ituna adostu dute

uriola.eus 2018ko mar. 5a, 09:43
Bilboko Alkatea eta alderdi politiko guztietako bozeramaileak

Bilboko alkateak eta Bilboko Udaleko alderdi politiko guztietako bozeramaileek gaur sinatu dute Segurtasunerako Ituna udaletxeko Areto Arabiarrean. 35 neurri ezarri dira, 2018-2023 Plan Estrategikoaren barruan.

Hasierako testuan talde politiko guztiek egindako ekarpenak onartu ostean lortu da itun hau, eta 2017ko irailaren 15ean Bilboko hiriaren egoerari buruz egindako Osoko Bilkuraren ondoren lantzen hasi zen. Hiru astez gogor lan egin ondoren, adostasuna lortu dute itunaren alderdi sinatzaileek, eta testu hau 2018-2023 Plan Estrategikoaren parte izango da.

Hiritarren segurtasuna funtsezko elementua da XXI. mendeko Bilborentzat. Horregatik, Segurtasunerako Itunari dagokionez, hainbat esparru lantzen dira, besteak beste: bizikidetza baketsua ziurtatzea; indarkeria ezabatzea; bide eta espazioen erabilera baketsu, errespetuzko eta ordenatua, eta orokorrean, pertsonen eta euren ondasunen segurtasun fisikoa. Bilboko Udalak duen baliabide bakarra konpromiso horiek egia bihurtzeko Udaltzaingoa eta euren auzo polizia eredua da.

Alderdi politiko guztien nahia da itun hau tresna bat izatea, hiri duin eta sozialki kohesionatu bat izan dezagun, Bilboko hiritarren bizi-kalitatea zainduz eta bizikidetza baketsua bermatuz, gero eta kohesionatuagoa, berdintasunezkoagoa den eta pertsona guztiei aukera berdinak eskaintzen dizkien gizarte batean.

Gaur sinatu den dokumentuan prebentziozko segurtasun politika bat lehenestea beharrezkoa dela uste da, hezkuntza, trebakuntza eta ahalduntze sozialerako programetan oinarrituta, bazterketa sozial zein ekonomikoko egoerei aurre egiten diena, eta delituzko ekintzetara eraman dezaketen beharrizanezko egoerak antzematen dituena eta irtenbidea aurkitzen diena. 
Segurtasunerako Itunaren lehentasunak zehazten dira:

  • Kolektibo ahulak emakumeak (bereziki indarkeria matxista jasaten dutenak), pertsona nagusiak, adingabeak eta delituen biktimak.
  • Auzoak eta bizi kalitatea, hiritarren arteko bizikidetza, haien arteko eta hiriarekiko errespetua, errespetuzko aisialdia eta ondare publiko eta pribatua lehenetsiz.
  • Egoera bereziakekitaldi jendetsuak, bertako merkataritza eta turismoa, esaterako.

Gainera, 35 neurri ezarri dira, hirian hiritarren segurtasunerako eredua indartzeko. Neurrietako batzuk honakoak dira: Auzoetako Ikuskaritzarako langile gehiago; urteroko EPE; hiritarren segurtasunerako taldeak auzoka antolatzea; protokoloak eratzea arrisku egoeren antzemate goiztiarrerako, adingabeentzat, emakumeentzat, pertsona nagusientzat eta bereziki ahulak diren pertsonentzat; Auzoetako Ikuskaritza eratzea 1. barrutian; Auzoetako Ikuskaritzarako egoitza irekitzea 6. barrutian; ekintza positiborako neurriak hartzea, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten; polizien arteko koordinazio prozesuen ebaluazioa eta hobekuntza etengabea; baliabide materialak berritzea; erasoen eta erasorako arriskuen aurrean berehalako alarma duen APP bat martxan jartzea emakumeentzat, etab.

Dokumentu honetan hurbiltasunezko poliziaren garrantzia azpimarratzen da. Horregatik, hiriko segurtasun eredua indartuko da: pertsonak politiken erdigunean jarriko dira, eta hiritarren segurtasuna pertsonen eta ondasunen babesletzat hartuko da. Itun hau, Itun Sozialarekin eta beharrezkoak gerta litezkeen beste batzuekin batera, alderdi politikoek Bilboko pertsonentzako etorkizun hobe bat eraiki eta ahalbidetzeko oinarria izan beharko litzateke.

Sinatzaileek gaur izenpetu duten itunak segurtasunaren alorrean hainbat kontzeptu zehaztu eta adosteko egindako esfortzua adierazten du: segurtasunerako ekintza-esparrua, esku-hartzeak oinarritzeko printzipioak, zaindu beharreko lehentasunak eta segurtasunari begirako emaitzak, XXI. mendean murgiltzen ari den Bilbo hiriarentzat.