Maiatzak1egin dinamikak herri mugimenduaren topagunea izaten jarraitu nahi du

uriola.eus 2018ko mar. 6a, 08:16

Maiatzak1egin dinamikak asanblada irekia antolatu du Zirika Herri Gunean herri mugimenduaren topagunea izaten jarraitzeko asmoarekin: "duela lau urte Bilbon herri mugimenduaren topagunea izateko jaiotako esperientzia gara; klase borrokaren zentralitatea azpimarratzeko eta langile klasearen antolaketa eta borroka elikatzeko bere harri koskorra jarri nahi duen esperientzia" 

Maiatzak1egin dinamikak, herri mugimenduaren topagunea bihurtzeko, eta maiatzaren 1ean langileen egunean egingo diren ekintzak antolatzeko, asanblada irekia antolatu du. Izan ere, azaldu dutenez: "langile antolaketaren balioek beherakada nabarmena izan dute. Maiatzaren Lehena adibide argia dugu: eduki politikoa eta borrokarako grina baztertu eta festa eguna bihurtu da."

Horreri buelta emateko, eguna iritsi baino lehen, hitzaldiak, asanbladak eta jardunaldiak antolatuko dituzte: "gure txikitasunetik azken hiru urteotan Maiatzaren Lehenean mobilizazioak antolatzeaz gain, hainbat izan dira burututako asanbladak, hitzaldiak eta jardunaldiak; eta helburuei jarraiki, borrokan egondako langileekin elkarlana ere landu dugu."

Horretarako, eta ideia desberdinak biltzeko, asanblada irekian antolatu dute. Larunbat honetan izango da, goizeko 10:00etan, Zirika Herri Gunean. Beraz, jende guztia izango da ongi etorria eta parte hartzea eskertuko dute: "Langile klasea eta bere borrokaren balioa eta garrantzia erdigunean kokatuko dituen tokian toki antolatutako ekimen deszentralizatuak barnebilduko dituen deialdi bateratua guztion artean eraikitzera deitzera gatoz."

Izan ere, Maiatzaren Lehenengoan Euskal Herri osoan deialdi bateratu bat egitea lortu nahi dute, eta  bilera hauekin ekimen hori aurrera ateratzea dute xede. Ahalik eta jende gehien biltza lortu nahi dute, eta herri desberdinetakoak izanez gero, hobe: "Euskal Herriko ahalik eta herri eta hiri gehienetan Maiatzaren Lehenera begirako deialdi bateratu bat adostea gustatuko litzaiguke".