Abandoko geltoki berriaren proiektua adostu dute

uriola.eus 2018ko mar. 9a, 11:48
Geltoki berriaren itxura

Bilbon eta Abandoko geltokian abiadura handiko trenak izango duen ezaugarrien berri eman dute erakundeek. Geltokiak lur azpiko bi solairu izango ditu eta entreplanta berri bat. Gainera, zerbitzu osagarri ugari eskainiko ditu, horien artean autobusetarako 13 dartsena eta 550 aparkaleku. 480 milioiko kostuarekin, 2023. urtean martxan egongo dela adierazi dute.

Sustapen Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren erakunde arteko lankidetzaren emaitza da Abandoko geltoki berriaren proiektua. ADIF-Ministerioko eta ETS-Eusko Jaurlaritzako talde teknikoak aritu dira proiektuan lanean, "Europa mailako erreferentziazko tren geltokietako bat" izango dena definitzeko.

Abiadura handiko trenak Bilbon izango dituen oinarrizko ezaugarriak eta linea hori lur azpian sartzeko akordioa adostu eta urtebetera hitzartu dute geltokiaren proiektua. Inplikatutako erakundeek atzo egin zituzten publiko proiektuaren xehetasunak jendaurreko ekitaldian.

 

Geltoki berria

Abandoko geltoki berrian une honetan Bilbora heltzen diren aldirietako eta ibilbide luzeko zerbitzu guztiak elkartuko dira, etorkizunean helduko diren abiadura handiko zerbitzuez gainAdostutako proiektuak "geltoki intermodal integratua" aurreikusten du, Bilboko Metroarekin lotura zuzena izango duena, autobusetarako 13 dartsena eta baita 550 plaza izango dituen aparkalekua eta taxietarako gunea ere.

Aurkezpenean azaldu zutenez, Abandoko geltoki berriaren diseinuan "segurtasun eta funtzionaltasun irizpideak" nabarmentzen dira. Horrez gain, azpimarratzekoak dira geltokiak eskainiko dituen "zerbitzu ugariak". 

Geltokiak espazio zabalak izango ditu. 80x25 metro inguruko dimentsioak izango dituen sekzio laukizuzeneko elementu gisa egituratuko da, eta erabat lur azpian egongo da, Adifen egungo trenbide zabalgune auxiliarraren azpian. Trenbide horiek guztiz desagertuko dira obrak amaitu ondoren, "erabateko iragazkortasunerako aukera emanez". Trenbidea lur azpian sartzeko lanek Cantalojas ingurura jarraituko dute. Leku horretan ere erabat estalita geratuko dira egungo trenbideak.

Geltoki berria definitu ondoren, berehala emango zaio hasiera Informazio Azterlanaren izapidetzeari, adostutako denbora kronograma betez.

 

Bi maila izango dituen geltokia

Funtzionamendu egokirako, bi maila izango dituen geltokia diseinatu da. 

-1 mailan aldirietako zerbitzuak egongo dira, Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz lineak, Urduñara doan aldirietako linea eta gaur egungo metro bateko zabalerako Balmasedako linea.

-2 mailan, Abiadura Handiko nazioarteko zabalerako trenbideei dagozkien nasak egongo dira.

Tartean, entreplanta berri bat txertatzen da, bertan ibilbide luzeko/Abiadura Handiko geltokira sartzeko ataria egongo da

Sarrera Abandoko egungo geltokiaren ataritik egingo da, Hurtado de Amezaga kalearen kotan, neurri handiko hall baten bitartez. Bertan egongo dira aldirietako eta Abiadura Handiko atariak. Espazio hori, Abandoko egungo geltokiaren metalezko saretazko markesinaren azpian egongo da. Markesina hori azpiegitura berrian integratuko da.

 

Auzoen arteko lubakiaren desagerpena

Egungo trenbideak lurrazaletik desagertzen direnean, hainbat urtetan trenbideengatik aldenduta egongo diren auzoak berriro lotuko dira. Hortaz, geltoki berriak hiriaren zabalgunearekin eta Alde Zaharrarekin "erabateko integraziorako eta hiri eraldaketarako aukera" emango du Aburto alkatearen hitzetan. Geltokirako sarbideak Plaza Biribilean, Hurtado de Amezagan, Jose Maria Olabarri kalean eta Bailen kalean egongo dira. Aldaketa horiek guztiak direla eta, "ingurua askoz ere iragazkorragoa izango da".