Euskaraldia

Euskaraldiaren prestaketan, Bilboko lantaldea urratsez urrats

uriola.eus 2018ko mar. 12a, 11:12

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa izan nahi du Euskaraldia egitasmoak azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Tokian tokiko lantaldeak antolaketan eta prestaketan buru-belarri murgilduta daude. Gaur, Bilboko lantaldeak batzarra du. Batzar irekia, parte hartu nahi duen ororentzat. 

Iazko urrian sortu zuten hainbat bilbotarrek Euskaraldia prestatzeko lantaldea. Orduan eman zuten lehen urratsa. Harrezkero beste hainbat eman dituzte azaroaren 23tik abenduaren 3ra arteko egitasmoa Bilbon zabaltzeko. Besteak beste, lau taldetan banatu dira: talde eragilea, auzoak, sektoreak eta komunikazioa. 

Joan den urrititik gaur arte talde horiek emandako urratsak konpartitzeko eta aurrera begira eman beharreko urratsak adosteko gaur Bilboko asanblada irekia egingo dute, 19:00etan Santutxuko Udaltegian (Remigio Gandasegi 6). Bai gaurko deialdia bai lantaldea irekiak dira parte hartu nahi duen ororentzat.   

 

 

Mintegia

Martxoaren 17an Bilboko Itsas Museoan bilduko dira herrietako batzordeetako kideak mintegian. Bertan, besteak beste, Euskaraldiaren diskurtsoa eta oinarri teorikoa elkarbanatuko dute.

Urtarrilaren bukaeratik dago herrien izen-emate epea zabalik eta astez-aste gero eta gehiago dira Euskaraldira batzen ari diren herriak. Gaur egun 70 herritatik gora daude izena emanda eta hurrengo hilabetean zehar herri gehiagok emango dute izena. Herri hauetako batzordeetan ari diren lagunei zuzenduta dago martxoaren 17ko mintegia.

9:30ean batuko dira partaideak museoko auditorioan. Harreraren ostean, ekimenaren oinarri teorikoak, diskurtsoa eta mugarriak azalduko dituzte. Behin teoria bukatuta, ariketa praktikoen eta proposamenen txanda izango da. 

 

Egitaraua

09:30-09:50 Harrera.

09:50-10:00 Ongi etorria eta eguneko egitarauaren azalpena.

10:00-10:30 Ekimenaren oinarri teorikoak.

10:30-11:15 Euskaraldiaren diskurtsoa eta mugarriak.

11:15-11:30 Ariketa praktikoa: Euskaraldiaren kokapen geografikoa.

11:30-12:00 Atsedena eta kafea.

12:00-12:45 Nola iritsi herritarrengana? Tokiko sareak osatzeko hainbat proposamen.

12:45-13:15 Prestakuntza eskaintza eta borondatezko prestatzaileak.

13:15-13:30 Euskaraldiaren ikerketa-proposamena.

13:30-13:45 Itxiera.