Sei urte igaro dira gomazko pilota baten ondorioz Iñigo hil zela, eta harreazkero gomazko pilotak ez direla debekatu salatu du Iñigo Cabacas Gogoan herri ekimenak. Urte guzti hauetan, Ertzaintzaren jardueraren inguruan "ez da inolako aldaketarik eman", eta horregatik diote ekimeneko kideek, "oraindik ere, [Ertzaintzarena] eredu zaharkitua, desfasatua eta lekuz kanpokoa" dela. Onartezintzat jo dute piloteen erabilera "segurtasun sistema" gisa defendatzea: "Izugarria iruditzen zaigu jendartearen segurtasunaren izenean, 2018 urtean herritarrok ditugun beharrekin zerikusirik ez duen eredu polizial bat aldarrikatzen ibili izatea. Beste garai batzuetatik arrastaka datorren eredu bat aldarrikatzen ari dira. Egun Ertzaintza berak ezta haien arduradun politikoak ez dira gauza, herri honetako sektore sozialekin batera, eredu hori eraldatu eta eguneratzeko". Argiro adierazi dute, "beste Iñigo Cabacas baten bila daude".
Ildo horretan, Iñigo Gogoan Herri Ekimenak eredu polizialaren inguruko "eztabaida ireki eta ondo antolatua" aldarrikatu du. "Ezinbestean" lege aldaketa, instituzioen aldaketa eta segurtasun erakundeen aldaketa ekarriko duena.
Spartak Moscowren bisitaren ostean, ostegunean jokatuko du Athleticek Olympique de Marsellaren aurka. Jarraitzaile frantses askoren bisita espero da Bilbon. Tartean, ultrena. Segurtasun neurri handiak ezarriko dira hirian eta batik bat San Mames zelai inguruan. Hori horrela, "ez da onargarria" Iñigo Gogoan ekimeneko lagunen hitzetan, "futbol partiduen aitzakiaz, beldur eta ikara kanpainak sortzea, gerora estatu polizial bat sortzeko gure hirian zehar".
Epaiketa "parodia"
Iñigo Cabacas hil eta sei urte eta erdira hasiko da urriaren 15ean sei ertzainen aurkako epaiketa. Epe horretan, Iñigo Gogoan ekimenak hainbat jarduera salatu ditu, besteak beste, "piloten jaurtiketa egin zutenei eta horien arduradun zuzena zen Ugarteko-ri baldintzarik gabeko babesa", "ikerketaren beharrezkoa ez den luzapena", "proba ezberdinen desagerpena", "deliturik ikusten ez duen fiskaltza" eta tribunalaren lehendakari "Ertzaintzak eta Guardia Zibilak kondekoratutako epaile bat".
Aitortu dutenez, ahozko auzia noiz hasiko zain bazeuden ere, epaiketa "parodia bat baino ez izateak" kezka eragiten die. Auziperatuen aulkian sei ertzain jesarriko dira, baina "horien arduradun bat ere ez", erantsi dute.