Herri Nortek argiro dio ez zuela istiluetan parte hartu, kontzentrazioan parte hartzera zihoazenean "Ertzaintzaren eskuetan erretenituta izan baitzen 18:00etatik 21:45era".
Horregatik eskatu du Athleticen inguruko gertakari guztien "erantzule bezala" jo aurretik, "galdetzea zergatik komunikabide, Ertzaintza eta alderdi politiko batzuek arduradun bezala jartzen gaituzten, azken 35 urteetan Athletic animatzen eta babesten egon garenean mila partidutan". Taldeak erantsi duenez, clubak ezarritako betekizun guztiak bete ditu, besteak beste, zelaira pankartak sartzerako orduan edota desplazamenduetan. HTNren iritziz, "kasualitate handia da arazo bakarrak Bilbon Europa Leagueko partiduetan eta Ertzaintzak antolatutako dispositiboan gertatzea".
Jazarpena
Bere aurkako "kriminalizazio eta desinformazio kanpaina" ez du mugatzen joan den otsailaren 22ko Athletic eta FC Spartak Moscowren partidu egunera soilik. Ohar batean taldeak azaldu duenez, "azken urteetan komunikabide ezberdinetatik eta Lakuako Segurtasun Sailetik kriminalizazio eta jazarpen kanpaina bat jasan dugu". Horren erakusle dira "azken bi urtetan jasotako 60 isun administratiboak".
"Jazarpen polizial horren barne", Herri Norteko kide batzuk "Ertzaintzak abordatuak izan dira beraien lanpostuetan eta ikasketa guneetan, mehatxuak jasoz". Era berean, jazarpen horren baitan kokatu du taldeak Ertzaintzaren esku-hartzea Ipar Haizea elkartean, "legez kanpoko kontzertu bat egiten ari ziren aitzakiapean". Gogor salatu du poliziek "pegatinak eta dirua eramatea, inongo azalpenik eman gabe, eta sarrera eta erregistro hori zergatik egin zuten adierazi gabe".
"Ezkutatzeko ezer" ez duela dio HNTk, eta bere aldarrikapenekin jarraituko duela zelai barruan eta kanpoan.