Hainbat arlotan lanean ari diren langileek eta boluntariok, bat egin dute eta Pobrezia eta bazterketarik gabeko herri baten alde izeneko manifestua hitzartu dute. "Jendarte apurturik" nahi ez dutelako, zeinetan pertsona batzuk bizitza kalitate handia izango duten, "ordain dezaketenek", eta "gehiengoak baldintza duinik gabe bizi iraungo duen".
Eusko Jaurlaritzak egindako 2016ko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkesta-ren arabera, pobrezia arriskuan dauden 60.000 pertsonak ez dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DsBE) jasotzen eta beste 63.000k jaso arren ez dute pobrezia atzean uzten.
DsBEren erreformaren xedeetako bat "egoera iraultzea" da: "Pobrezia arriskuan dagoen pertsonarik ez geratzea DsBE lortu barik eta DsBE jasotzen duen pertsona pobrerik ez izatea".
Horregatik eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarreko taldeei DsBEren erreforma "hausnarketatik" abiatzea, "posiblea delako eta behar dugulako, pobreziarik gabe eta bazterketarik gabeko herria nahi dugulako". Manifestua babestu dutenen arabera, "bizitza libre eta autonomoa lortzeko prestazioak ahalik eta pertsona gehienei bermatu behar zaizkie". Horretarako, "kudeaketa sistema bizkor, garden eta bermatzailea" izango duen lege bat beharrezkotzat jotzen dute.
Gaur, La Bolsa udaltegian eginiko agerraldian, martxoaren 21ean elkarretaratze bateratua iragarri dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean 10:30ean.
[Manifestua: Pobrezia eta bazterketarik gabeko herri baten alde]