Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako ordenantza onartu dute

uriola.eus 2018ko mar. 22a, 08:00
Gaurko Udalbatzarrako argazkia

Ordenantza honen onarpenarekin, gizarte eta genero arloko diskriminazioak eta desberdintasunak sortzen eta errepikatzen dituzten egiturak kentzea eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren arrazoiak eta ondorioak ezabatzea ahalbidetuko da.

Bilboko Udalak, gaur egindako Udalbatzarrean, Andrazkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako lehen Ordenantza onartu du. Hasierako onarpenaren ondoren eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, 30 eguneko epea zabalduko da jendaurreko informazio-aldia egiteko. Epe horretan, bilbotarrek nahi dituzten alegazioak edo proposamenak egin ahal izango dituzte.

Ordenantza hau araua da eta, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako udal planekin batera, gizarte eta genero arloko diskriminazioak eta desberdintasunak sortzen eta errepikatzen dituzten egiturak kentzea eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren arrazoiak eta ondorioak ezabatzea ahalbidetuko du.

Horrela, bada, Udalak hiru helburu ezarri ditu:

  1. Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan, Bilboko Udalaren eta bere menpeko erakundeen jarduna zuzenduko duten hastapen orokorrak ezartzea.
  2. Andrazko guztien eskubideak oso-osorik erabiltzeko behar diren baldintzak sustatzeko eta bermatzeko neurrien multzo bat arautzea, dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatuz, Bilboko Udalaren jardunaren eremu guztietan.
  3. Andrazko guztien ahalduntzea sustatzea eta haien posizio soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala sendotzea eta haien aurkako diskriminazio modu guztiak ezabatzea, beren eskubideen erabilera benetakoa eta erreala bermatzeko.

Ordenantza Udalean eta bere menpeko erakundeetan aplikatuko da. Menpeko erakundeak dira erakunde autonomiadun guztiak eta sozietate publikoak, erakundeak kapitalaren edo gizarte-funtsaren erdia baino gehiago badauka. Era berean, kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten edo laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuetan aplikatuko da.

ORDENANTZAREN BERRIKUNTZAK

Berritasunen artean, erakundearen antolaketari dagokionez, Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako Udal Unitateak sortzea proposatzen da, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza espezifikoa edo esperientzia daukaten langile teknikoekin. Horren helburua da sail edo erakunde bakoitzak berdintasunerako programak ezartzeko daukan gaitasuna sendotzea; hortaz, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun politikak diseinatu, bultzatu eta koordinatuko dituzte sail bakoitzean.

Era berean, andrazkoen eta gizonezkoen berdintasunaren helburuaren zeharkakotasuna hobetzeko estrategia berria aurkeztu da. Hori gauzatzeko, egitura politiko eta teknikoak sortuko dira, udal sail eta erakunde guztien inplikazioa eta ordezkaritzarekin. Hauek dira egitura horiek:

Bilboko udalaren jarduera koordinatzeko eta jarraitzeko sailen arteko Batzordea

Alde batetik, Sailen arteko Batzorde bat eratuko da, Bilboko Udalaren sailek edo/eta menpeko erakundeek berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko.

Batzorde hori Berdintasun Sailean egongo da eta udal sail edo erakunde bakoitzak andrazkoen eta gizonezkoen berdintasunerako politikak diseinatzeko, sustatzeko eta koordinatzeko izendatuko duen langileek osatuko dute.

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko laneko berdintasunerako Batzordea

Bestetik, Berdintasunerako Batzordeak koordinatuko ditu andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan eta laneko esparruan garatzen diren politikak eta programak.
Organo horretan izango dira Alkatetza Saileko, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko, Berdintasun Saileko eta Langileen Batzordean ordezkaritza daukaten sindikatuetako ordezkariak.

Batzorde horren helburu nagusia izango da andrazkoen eta gizonezkoen laneko edozein diskriminazio saihestea Bilboko Udalean eta udal langileen berdintasunerako planen diseinuan, sustapenean, koordinazioan eta ebaluazioan parte hartzea.

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoa ere sortuko da, berdintasun politikak ezartzea eta berdintasun planen jarraipena egitea ahalbidetuko duen elkarrizketarako espazio modura.

Organo horretan izango dira Bilboko Udalbatzan ordezkaritza daukaten talde politiko bakoitzaren zinegotzi bat, Berdintasun Saila eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluko ahaldun bat.

Azkenik, eta herritarrekin, hau da, Bilboko emakumeen elkarteekin eta elkarte feministekin izan beharreko elkarrizketari dagokionez, parte hartzeko egitura malgu bat prestatuko da haiekin harremanetan jartzeko eta hitz egiteko. Horrela, bada, diskurtso komuna eta estrategia bateratua sortu nahi da andrazkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna zailtzen duten oztopoak kentzeko zerbitzuak emateko edo politikei buruzko proposamenak egiteko, sustatzeko, sendotzeko eta elkarlanean aritzeko.

Ordenantza berri honetan jasotzen diren beste gai batzuk generoaren ikuspegia Udalaren eta hari lotutako erakundeen jardueran sartzeko neurri administratiboak dira. Neurri horien artean daude andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako udal plan bat garatzea; sexuaren aldagaia estatistiketan, inkestetan, erregistroetan eta datu-bilaketetan sartzea modu sistematikoan; generoak ordenantzetan, plan estrategikoetan eta administrazioko ekintza orokorretan daukan eragina aldez aurretik ebaluatzea; andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruko gaikuntza; eta generoaren ikuspegia sartzea kontratazio publikoan eta diru-laguntza publikoetan.

ORDENANTZAREN EGITURA

Ordenantza hiru titulutan egituratzen da eta 35 artikulu eta zazpi xedapen dauzka.

  • Atariko Tituluak hiru artikulu dauzka eta xedea, helburuak, aplikazio eremua eta ordenantzaren hastapenak zehazten dira.
  • I. Tituluak kapitulu bi dauzka eta udalak andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren arloan dauzkan eskumenak, zereginak eta antolaketa zehazten dira.
  • II. Tituluak sei kapitulu dauzka eta generoaren ikuspegia gaur egungo udal administrazioan sartzeko neurriak arautzen ditu.
  • III. Tituluak lau kapitulu dauzka eta andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren sustapenaz dihardu, gaitasunei arreta emanda eta sekzioen arteko ikuspegia sartuz.
  • Ordenantzaren amaieran daude finantzazioari, jarraipenari eta ebaluazioari buruzko xedapen gehigarri bi, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapena.

HERRITARREN INPLIKAZIOA ORDENANTZAREN IDAZKETAN

Bilboko Udalak arlo horretako lehen ordenantza diseinatzeko eta egiteko prozesua hasi zuen 2016ko maiatzean eta zenbait talde eta pertsona inplikatu dira berdintasunaren eta beharrizanen desafioari buruzko gogoeta egiteko. Guztira, 47 pertsonek (42 emakumek eta 5 gizonek) ekarpenak egin dituzte urte eta erdian, denbora hori behar izan baita ordenantza egiteko.

Horretarako, laneko hiru batzorde osatu dira: batzorde teknikoa, udal sail guztien langileekin; batzorde politikoa, Udalbatzan ordezkaria daukaten talde politiko guztien inplikazioarekin; eta Bilboko emakumeen 10 elkarte eta elkarte feministetako emakumeekin osatutako batzordea.