Errigoraren komunitatea sendotuta irten da udaberriko kanpainatik

uriola.eus 2018ko mar. 26a, 08:57

Argazkia: Errigora

Nafarroa hegoaldean sortu zen Errigora ekimenak udaberriko kanpaina lortutako emaitzak kaleratu ditu. Lantaldea pozik azaldu da emaitzekin. "Eskutik eskura ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatu ditugu", diote.

Nafarroako hegoaldean elikadura burujabetza, euskara eta auzolana sustatzeko jaio zen Errigora ekimenak udaberriko kanpaiari amaiera eman dio. Aurtengo helburua azkenaldian lortutako komunitatea egonkortzea zen. Azaldu dutenez, mantentzeaz gain igotzea ere lortu dute.

Iaz inoiz baino eskaintza zabalagoa plazaratu zuten udaberriko kanpainan (produktu guztiak era konbentzionalean ekoitzita ez ezik, ekologikoan ere eskatzeko aukera zabalduz) eta emaitzak tamainakoak izan ziren. Beraz, aurtengoan apustua mantendu eta Errigoraren komunitatea egonkortzeko erronkari ekin zioten. 

Izan ere, komunitatea egonkortu ez ezik, lagun berriak batzea ere lortu dute. Eta, honekin, eskaerak ere gora egin du: ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatuko dituzte hurrengo egunetan #ESKUTIKeskura kanpainaren 5. edizioan. Datu gordinenei neurria hartzen laguntzeko, hori dena lortzeko 38.630 olibondo behar dira aurtengo olio eskaerari erantzuteko. Kontserbei dagokienez, ostera, 25 hektarea baino gehiagok ematen duena beharko da 207.000 ontziak betetzeko. Bestela esanda, 36 futbol zelairen azaleraren uzta behar du aurtengo kontserba eskaerak. 

Lantaldeak azaldu duenez, "hau ez da zoriaren emaitza, herrilanarena baino". Kanpaina honetan ehunka auzolangileek parte hartu dute. Auzolanean aritu diren pertsona guztiei eta produktuak erosi dituztenei eskerrak eman dizkiete.