Iñigo Cabacas hil eta sei urtera, bere senide eta lagunak "jutizia noiz egingo zain" daude

uriola.eus 2018ko mar. 26a, 10:12
Iñigo Cabacasen senide eta lagunak joan den ostiralean, Kafe Antzokian
Duela sei urte hil zen Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilokada batek eragindako zaurien ondorioz. Bere heriotza argitzeko sei ertzainen aurkako epaiketa hasiko da urrian. Familia eta lagunak epaiketaz eta urteurreneko jardueraz mintzatu dira. 
"Zeinek esango zuen sei urtera hemen egongo ginela", adierazi du Marta Perezek Iñigo Cabacasen senide eta lagunen izenean. Izan ere, azken sei urteetan Basauriko gaztearen lagun hurkoen galderak ez dira aldatu: "Arduradunak noiz eseriko dira akusatuen aulkian?" Eta "noiz egingo da justizia?". 

"Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa" leporatuta, sei ertzainen aurkako epaiketa urriaren 5etik azaroaren 9ra egitekoa da. Baina Perezen hitzetan, "parodia mingarri bat izateko arriskua dago, operatiboaren arduraduna eta arduradun politikoak ez direlako aulkitxoan eseriko".  

Kezka dute Iñigoren senide eta lagunek instrukzioaren prozesu osoan zehar operatiboan parte hartu zuten ertzainek "babesa itzela" izan dutelako. Euren esanetan, "mingarriena eta harrigarriena" operazioaren arduradunak, Ugarteko-k, izan duen "babes politiko eta juridiko izugarria" da. Agerraldian, Ugartekoren "azken ekintzari" ere erreferentzia egin diote, "familiaren abokatua eta Naiz eta Gara-ko zuzendaria eta kazetari bat salatzea". 

Badira instrukzioaren prozesuan gertatutako irregulartasun gehiago ere adierazi dutenez. "Ikerketaren luzapena, frogak jasotzean egon diren oztopo eta desagerpenak" edota "deliturik ikusten ez duen fiskaltzaren jarrera", esaterako. Guzti horrek "kezka" eragiten diela azpimarratu dute.

  

Pilotak

Moskuko Spartak eta Marsellako Olympique taldeetako jarraitzaileekin izan diren istiluak direla eta, Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek gogor kritikatu dute "futbolaren aitzakiapean", Ertzaintzak "berriro" mahai gainean jarri izana gomazko piloten gaia: "Piloten erabilerari bultzada eman die". Egun ez dago debekatuta pilotak erabiltzea, eta "segurtasunerako elementu direlakoan, arrisku bizian jartzen gaituzte hiritarrak", Marta Perezek esan duenez. 

 

Urteurrena

Iñigo Cabacasen heriotzaren seigarren urteurrenaren harira, senide eta lagunek, guztira 50 bat pertsonak, bideo bat egin dute. 

Horrezaz gain, hainbat dira antolatu dituzten jarduerak. 

Apirilaren 5ean La cifra negra dokumentala proiektatuko dute 19:15ean, Bilborocken. Estatu espainiarreko bortizkeria instituzionala salatzen duen lana da. Tartean dago Cabacasen kasua ere. Dokumentalak Manuela Carmena, Joaquim Bosch, Rafael Ribo edota Willy Toledoren iritziak jasotzen ditu beste askoren artean. Proiekzioaren ostean, solasaldia izango da eta, besteak beste, Jone Goirizelaiak Cabacas-Liceranzu familiaren abokatuak parte hartuko du. 

Apirilaren 6an, gomazko piloten eskaintza egingo dute, Justizia Jauregiaren aurrean, 19:00etan. 

Apirilaren 7an, Iñigo Cabacasi urteroko omenaldia egingo diote Kirruli plazan, 13:30ean.

 

 

[2018-03-13] Gomazko piloten erabilera "onartezintzat" jo du Iñigo Cabacas Gogoan herri ekimenak