Sei urte beranduago Iñigo Cabacasen senide eta lagunek minduta jarraitzen dute

uriola.eus 2018ko api. 5a, 09:31

Iñigo Cabacasen heriotzaren seigarren urteurrenean, hainbat dira senide eta lagunek antolatu dituzten ekimenak justizia, Ertzaintzaren eredu aldaketa eta gomazko piloten desagerpena eskatzeko. 

Urteurreneko ekitaldiak La cifra negra dokumentalaren estreinaldiarekin eta ondorengo solasaldiarekin abiatuko dira gaur. Estatu espainiarreko bortizkeria instituzionala salatzen duen lana da Ales Payak zuzendutakoa eta Empatik Filmsek ekoitzitakoa. Funtzionario publikoek burututako giza eskubideen urraketak azaltzen ditu dokumentalak 30 kasu paradigmatikoren bitartez. Tartean dago Iñigo Cabacasena. Askotariko iritziak ere jasotzen ditu, besteak beste, Manuela Carmena, Joaquim Bosch, Rafael Ribo edota Willy Toledorenak. Ales Paya zuzendariaren esanetan, "beharrezkoa da gizarte zibila bortizkeria instituzionalaren aurka inplikatzea eta borrokatzea". 

La cifra negra 19:15ean proiektatuko dute Bilborocken. Ostean, solasaldia izango da eta, bertan parte hartuko du Jone Goirizelaiak, Cabacas-Liceranzu familiaren abokatuak.

Apirilaren 6an, gomazko piloten eskaintza egingo dute, Justizia Jauregiaren aurrean, 19:00etan. 

Apirilaren 7an, Iñigo Cabacasi urteroko omenaldia egingo diote Indautxun, Kirruli plazan, 13:30ean.

 

 

Sei urteren ostean

"Zeinek esango zuen sei urtera hemen egongo ginela", adierazi du Marta Perezek Iñigo Cabacasen senide eta lagunen izenean. Izan ere, azken sei urteetan Basauriko gaztearen lagun hurkoen galderak ez dira aldatu: "Arduradunak noiz eseriko dira akusatuen aulkian?" Eta "noiz egingo da justizia?". 
 
"Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa" leporatuta, sei ertzainen aurkako epaiketa urriaren 5etik azaroaren 9ra egitekoa da. Baina Perezen hitzetan, "parodia mingarri bat izateko arriskua dago, operatiboaren arduraduna eta arduradun politikoak ez direlako aulkitxoan eseriko".  
 
Kezka dute Iñigoren senide eta lagunek instrukzioaren prozesu osoan zehar operatiboan parte hartu zuten ertzainek "babes itzela" izan dutelako. Euren esanetan, "mingarriena eta harrigarriena" operazioaren arduradunak, Ugarteko-k, izan duen "babes politiko eta juridiko izugarria" da. Agerraldian, Ugartekoren "azken ekintzari" ere erreferentzia egin diote, "familiaren abokatua eta Naiz eta Gara-ko zuzendaria eta kazetari bat salatzea". 
 
Badira instrukzioaren prozesuan gertatutako irregulartasun gehiago ere adierazi dutenez. "Ikerketaren luzapena, frogak jasotzean egon diren oztopo eta desagerpenak" edota "deliturik ikusten ez duen fiskaltzaren jarrera", esaterako. Guzti horrek "kezka" eragiten diela azpimarratu dute.

  

Gomazko pilotak eta Ertzaintzaren eredua jomugan

Moskuko Spartak eta Marsellako Olympique taldeetako jarraitzaileekin izan diren istiluak direla eta, Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek gogor kritikatu dute "futbolaren aitzakiapean", Ertzaintzak "berriro" mahai gainean jarri izana gomazko piloten gaia: "Piloten erabilerari bultzada eman die". Egun ez dago debekatuta pilotak erabiltzea, eta "segurtasunerako elementu direlakoan, arrisku bizian jartzen gaituzte hiritarrak". Ildo horretan, Marta Perezek gaineratu duenez, beharrezkoa da Ertzaintzaren eredu aldaketaren inguruko hausnarketa sakona egitea.

 

[2018-03-26] Iñigo Cabacas hil eta sei urtera, bere senide eta lagunak "jutizia noiz egingo zain" daude