EAEn egiten den armen ekoizpena eta garraioa salatuko dute larunbatean

uriola.eus 2018ko api. 6a, 08:00

Argazkia: Ecuador Etxea

Talde ekologistek eta antimilitaristek bizikleta martxa egingo dute larunbatean gero eta handiagoa den gastu militarra eta, Siriakoa bezalako gerretan, erakundeek duten inplikazioa salatzeko. 

Batetik, Defensa Ministerioari zuzendu dizkiote kiritikak, besteak beste, iaz bere aurrekontua %30 handitzeagatik eta 21 milioi euroko zorra pilatzeagatik, caza motako hegazkinak, tankeak edota urpekontziak erosten. 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor salatu dute armagintza industria "diruz babesteagatik". Gasteizko gobernuak armak egiteko osagaiak ekoizten dituzten Sener, ITP edota Airnova enpresei diru-laguntzak eman dizkie talde ekologista eta antimilitaristen esanetan. Beste kritika bat ere luzatu diote Urkullu lehendakariaren gobernuari, Bilboko Portutik egiten den "lehergailuz beteriko edukiontzien garraioa onartzeagatik". 

Kantabriak, esaterako, uko egin dio armen garraioari Ekologistak Martxan elkarteko Joseba Sanzek azaldu duenez. "Cantabriako gobernuak adierazpen batean esan zuen Saudi Arabiako itsasontzi hori bertan porturatzea ez zuela nahi. Eusko Jaurlaritzari horrelako adierazpenik ez diogu atera urtebetean". 

Portuan aktibistek burutu dituzten mobilizazioen ondorioz, Eusko Jaurlaritza "despiste maniobrekin" ari dela dio Sanzek. "Azken zamatzea Santanderren egin ostean, ez dakigu Santanderren jarraituko duten, edota beste maniobra bat den". 

Emandako datuen arabera, azken 14 hilabeteetan Saudi Arabia helmugatzat zuten 312 edukiontzi zamatu dira Bilboko Portuan, 12.000 tona lehergailurekin. Hilero mila tona bonba dira, "asko". Sanzen hitzetan, "Siria, Yemen eta Turkiako gerrak hemen hasten dira, gerra horietan erabiltzen dituzten armak hemendik bidaltzen direlako, eta horregatik gerrak hemen gelditzen ahalegindu behar dugu". Armagintza industriaren eraldaketa posible dela aldarrikatu du, bere garaian Orbeak eta Alfak egin zuten bezala. 

 

XI. Bizi Martxa

Larunbatean, apirilak 7, 11:00etan abiatuko da XI. Bizi Martxa Foru Jauregiaren paretik Gerra hauek oso gureak dira. Made in Euskadi armak lelopean. Lehen geldialdia Barakaldon egingo dute, ITP lantegiaren parean. Helikopteroentzat eta borrokarako hegazkinentzat motorrak ekoizten ditu ITPk. Ondoren, Santurtzirantz, porturantz abiatuko da Bizi Martxa. Bertan bukatuko da mobilizazioa.  

Kakitzat, KEM-MOC, Eguzki, Ekologistak Martxan, Komite Internazioalistak, Askapena eta Ongi Etorri Errefuxiatuak babestu dute Bizi Martxa.