Ainhoa Alonso: "Gero eta neska gehiago ari dira futbolean jokatzen, beraien ilusioa bada ametsak egia bihurtu daitezke"

uriola.eus 2018ko api. 6a, 10:23

Eliteko futbolari buruzko nazioarteko gailurra Iberdrola Dorrean burutu da hainbat lan-saiotan banatuta. Lehenbiziko lan-saioa Ainhoa Alonsoren eta Janire Fraguaren eskutik etorri da, eta emakumeek futbolean eta kirol kazetaritzan duten presentziaz hitz egin digute.

Bilbao International Football Summit-en (BIFS’18) bigarren edizio hau Bilboko Iberdrola dorrean egin da Comunicar es Ganar. Asesores de Comunicación para Deportistas de Élite konpainiak antolatuta, eta Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Iberdrola, beIN Sports eta Eibar S.D. Fundazioaren babespean, besteak beste.

Iberdrola dorreko 24. solairuan egin diren bost saioetan hainbat hitzaldi eskaini dituzte, eta parte hartzaileen artean aurpegi ezagun asko ikusteko aukera egon da: Xabi Alonso futbol jokalaria; Julen Lopetegi, Felipe Scolari eta Roberto Martinez entrenatzaileak; Roberto Olabe, Real Sociedad taldeko kirol zuzendaria, Axel Torres, beIN Sportseko esataria eta Luis Villarejo, EFE Kiroletako zuzendaria esate baterako.

Guzti horien artean nabarmendu behar da Jose Angel Iribarren amaierako ponentzia eta egunari hasiera eman dion elkarrizketa. Bertan, gizonen mundu honetan bizi diren Ainhoa Alonsoren eta Janire Fraguaren lan-saioan, emakumeek futbolean eta kirol kazetaritzan duten presentziaz hitz egin digute.

Janire Fragua (Leioa, 1983) EITBko kirol esataria da. Gaur egun Athleticen gorabeherak kontatzen dizkigu, eta beraz, futbol munduan guztiz murgilduta dago. Bere hitzetan “gero eta emakume gehiago dago futbola jarraitzen eta albisteak ematen, eta gainera, kirol kazetari horien kalitatea gero eta handiagoa da”. Horrez gain, berarentzat honelako ekitaldi batean emakumeen futbolak presentzia edukitzea izan duen aurrerapausoaren seinalea da.

Berarekin batera, Ainhoa Alonso (Arrasate, 1989) Eibarreko aurrelaria izan da. Bera ere pozik agertu da ekitaldian parte hartzeko aukerarekin. Saioan azaldu duenez, bera futbolean hasi zenean mutilekin jolastu behar zuen, eta entrenatzeko aukerak eskasak ziren. Gaur egun, ordea, Eibar, San Ignazio, Oiartzun edota Athleticek egiten duten emakumeen futbola bultzatzeko lana goraipatu du. 

Horrez gain, Eibarreko jokalariak neska gazteen ilusioa eta maila oso handia dela adierazi du. “Futbol eskolan plaza guztiak bete dira, eta gero eta neska gehiago futbolean ari dira gaur egun”. Beste aldetik, Eibarreko kapitainak neska gazteak futbolean jokatzera animatu ditu: “Beraien ilusioagatik edo ametsengatik borrokatu behar dute, gustuko duten kirolean parte hartuz beraien ametsak bete daitezke.”