Azken 80 urteetako une esanguratsuenak Luis Ortiz Alfauren bizitzan

prestaldizkaria 2018ko api. 9a, 12:52
Argazkia: Ander Izagirre

Iaz gaztelaniaz kaleratutako liburua euskaratu du Ander Izagirrek, Luis Ortiz Alfauren mendea (Gogora Institutua, 2018). Gerra, kontzentrazio-esparruak, frankismoaren derrigorrezko isilaldia eta, azkenean, berreskuratutako memoria biltzen duen lana. 

Ander Izagirre idazle eta kazetariak idatzitako biografia honetan gerra zibila, kontzentrazio-esparruak eta frankismoa zeharkatu eta memoria historikoa berreskuratzeko borrokara iritsi arte Luis Ortiz Alfauk egindako bidea kontatzen da. Izagirreren hitzetan, Luis Ortiz Alfauren biografian "azken 80 urteetako une esanguratsuenak daude".

1916ko urrian jaio zen Ortiz, Bilbon. Izquierda Republicanako batailoian eman zuen izena, oraindik 20 urte bete gabe zituela. Ez du sekula tiro egin. Baina Intxorta, Bizkargi eta Artxandako guduetan egon zen. Baita Gernikako bonbardaketan ere. Batxilergora artekoak ikasi zituenez, batailoian, mezularia zen. Preso hartzean, idazteko makinarekin ipini zuten guardia zibilek. Frantziara egin behar izan zuen ihes. Gurseko kontzentrazio zelaian egon zen. Euskal Herrira bueltan, atxilotu eta lan behartuak egin zituen. Ostean ezarri zen San Inazio auzoan. Frankismoaren lehen urteetan kostata lortu zuen aurrera egitea. 

Ortizek memoria historikoaren berreskuratze lanei ekarpena egitea erabaki zuen, 87 urterekin. "Pattal zebilen, baina memoria berreskuratzen hasteak suspertu egin zuen", esan du Ander Izagirrek. 

Sekulako garrantzia eman dio Ortizek memoria berreskuratzeko egiten den lanari: "Ezinbestekoa da hura ezagutzea beste gerrarik ez egoteko, ez hemen ez munduan".  

2016an, Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan, Servini epaile argentinarrak igorritako galderei erantzun zien. 

 

[2016-09-26] Luis Ortiz Alfau milizianoaren txanda