'Brasilen demokrazia jokoan, Lula Libre' mobilizazioa Bilbon

uriola.eus 2018ko api. 10a, 09:34

LAB, Sortu eta Askapenak kalera ateratzeko deia egin dute Brasilgo demokrazia eta Lula da Silvaren askatasunaren alde. Atxiloketaren atzean dagoen estrategia salatu dute Bilboko Brasilgo kontsulatuaren aurrean.

Gaur eguerdian LABeko, Sortuko eta Askapenako ordezkaritza batek Lula da Silvaren aurkako jazarpena eta asteburu honetan eman den atxiloketa salatu dute Brasilek Bilbon daukan kontsulatuan, idatzi bat erregistratuz. Ekimen honek helburu bikoitza dauka. Alde batetik, aipaturiko jazarpen mediatiko eta politiko-poliziala salatzea. Beste aldetik, Lula da Silvari eta Brasilgo herriari momentu zail hauetan elkartasuna adierazi nahi diote.

Adierazi dutenez, "gertakari hauen atzean estrategia garbi bat dago." Izan ere, datorren urrian, Brasilen egingo diren hauteskundeei begira Lula da Silvak garaile ateratzeko aukera asko omen ditu, eta kosta ala kosta hauteskunde lehiatik kanpo nahi dutela adierazi dute. Gauzak horrela, Dilma Rousseffen aurkako impeachment-arekin hasi zuten kontra-erreforma neo-liberalarekin jarraitu ahal izango dute.

Beraz, estrategia hau demokraziaren kontrako eraso garbi bat dela azaldu dute manifestazioaren antolatzaileek. Azaldu dutenez, "salaketa hau egiten dugunok demokrazia defendatzen dugu, eta beraz Lula da Silvak Urriko hauteskundeetan eskubide osoz bere burua aurkeztea defendatzen dugu. Brasilgo herriak izan behar du bere ordezkariak hautatu behar dituena, inolako injerentzia politikorik gabe". 

Horregatik, eta aipaturiko guztia salatzeko eta mobilizazioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Apirilaren 13an izango da, Bilboko Arriaga plazan arratsaldeko 19:00etan Brasilen demokrazia jokoan, Lula Libre lelopean.