Gerra basatia da Siriakoa, jada 500.000 hildako baino gehiago sortu ditu, milioika kanporatu eta beste hainbeste herrialde barnean lekualdatu. Kalteak ere ugari eragin ditu. Herrialdeko azpiegitura gehientsuenak eta ekonomiaren parte handia suntsituak izan dira.
Siriaren aldeko Euskal Herriko plataformaren arabera, egoera "larria" da. "Interbentzio militar baten mahatxupean gaude", diote plataformako kideek, eta mendebaldeko potentziak eta beren aliatuak jotzen dituzte Siriaren aurkako eraso gerraren "sortzaile eta eusle" gisa. Halaber salatu dute mendebaldeko potentziak eta "beren zerbitzutan dauden terroristak" erabiltzen ari diren "neurrigabeko intoxikazioa, berauek egindako basatikeriaz Siriako gobernuari leporatuz, herria txikitu eta gerrarekin jarraitzeko asmoz".
Azken gertaera, arma kimikoen erabilerarena, "betiere eta frogarik gabe" gobernuari egotzia, "aspalditik aurrikusia eta espero zen". Plataformaren hitzetan, "siriar eta bere aliatuen inteligentzia zerbitzuek iragarria zuten, eta gero baieztatua izan da Ekialdeko Gutan arma kimikoen tailerren aurkikuntzarekin eta arma kimikoak erabiltzeko asmotan atxilotuak izan diren terroristekin. White Helmets ospetsuek ere, beren okizko eszenifikazioekin parte hartu zuten jendartean maskarak banatuz, aldez aurretik, mendebaldeko aliatuek programaturik zeukaten eraso kimikoa 'aurrikusiz'".
Siriar ejerzitoaren eta beren aliatuen aurrerapenak "itzelak" izan direnean, eta terroristen guneak banaka-banaka deusestatzen joan direnean, "potentzia inperialistek ez dute etsi nahi gerra eta lurraldean dituzten interesak galtzeaz, eta beren histeriaz eta etsipenaz, berriro ere, beste gezur galanta erabiliz, interbentzio militarra justifikatu nahi dute gerrari buelta emango diotelako esperantzan".
"Ageriko gezurra da" arma kimikoak erabili direnik, Siriak 2014an deuseztatu baitzituen arma kimikoak. Bestalde, "zentzugabea" da arma kimikoak herriaren kontra erabiltzea "gerra irabazten ari direla jakinda", plataformaren aburuz.
Elkarretaratzea
"Inoiz baino arrazoi gehiagorekin", "basakeria inperialistaren kontra" mugitzeko deia zabaldu dute Siriaren aldeko Euskal Herriko plataformatik eta apirilaren 11n Arriaga plazan 19:30ean egingo den konzentrazioan parte hartzeko mezua zabaldu dute.
Hitzaldia
Hainbat dira plataformak antolatu dituen hitzaldiak Euskal Herriko txoko desberdinetan Siriako egoeraren berri emateko. Apirilaren 20an, Bilbo Zaharreko Xake Espazioan Sirian gertatzen dena azaltzen saiatuko dira Iñaki Urrestarazu nazioarteko gaietan aditua eta Abdul Kader Alepon ISISek bahitua eta familia eraila duen siriarra. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.