Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu, Rafael Delas Txapas eta Dionisio Aizpuru Kurro, guztira, 113 bala zulorekin hil zituen Polizia Nazionalak Pasaiako badian 1984an. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen erailketa argitzeko auzibidea itxita dago, 2016an artxibatu zuten.
"Biktima batzuk bigarren mailakoak dira, beste batzuk hirugarren mailakoak, eta badira aitortzarik ez dutenak ere", salatu du behin baino gehiagotan Sare Antifaxista taldeak. Horregatik, apirilaren 13an, eguerdian, Gogora Institutuaren aurrez aurre elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo egunean, hilak 14, Bilbo Zaharreko Kultur Etxea izango da goizeko jardueren erdigunea. Bertan paratuko dute Pasaiako badiako gertakarien hainbat material eta erakusketa bat, eta bazkari herrikoia ere bertan izango da. Arratsaldean, 17:00etan, Kultur Etxearen parean dagoen Izarbeltz Ateneoan emango du hitzaldia Joseba Merinok. Merino Pasaiako segadatik bizirik atera zen. Bera ere Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen. Hitzaldiaren ostean, solasaldia izango da.
Segada eta ondorena
1984an Polizia Nazionalak Rosa Jimeno legez kanpo atxilotu eta torturatu ostean, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin hitzordua jartzera behartu zuen. Pasaiako badiako harkaitzetan hanketatik soka batez lotu zuten, eta seinalea egindakoan, iparraldetik zetorren zodiak bat harkaitzetara gerturatu zen. Sekulako tiro zaparrada hasi zen orduan.
Joseba Merino lekukoak azalduko duenez, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura lehen tiroaldian hil zituzten. Bera, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru atxilotu zituen Poliziak, eta Delas eta Aizpuru harkaitzetan bertan fusilatu zituzten. Gorpuei 113 bala zulo zenbatu zizkien Paco Etxeberria auzitegi medikuak, nahiz eta bertsio ofizialak enfrentamendu bat egon zela adierazi.
2016an Donostiako Probintzia Auzitegiak hilketa zantzuak zeudela aitortu zuen arren, kasua behin betiko artxibatu zuen. Ezin izan zituzten delituaren egileak identifikatu, eta senideek Estrasburgora jotzeko asmoa adierazi dute.
2017an Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek Pasaiako badia dokumentala zuzendu zuten, Gogora Institutua eta Berria babesle zituztela. Besteak beste, Joseba Merinoren eta Rosa Jimenoren testigantzak biltzen ditu, baita Carlos Garaikoetxea 1984an Jaurlaritzako lehendakari zenarena, Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuena edota Paco Etxeberria auzitegi medikuarena.