Brasilgo herriarentzat demokrazia eskatzeko elkarretaratzea egingo dute

uriola.eus 2018ko api. 13a, 08:22

LAB, Sortu eta Askapenako ordezkaritza Brasilgo Kontsulatuan

Marielle Franco ekintzailearen hilketa eta Lula da Silvaren kartzeleratzea salatuko dute hainbat gizarte eragilek gaur 19:00etatik aurrera Arriaga plazan. 

Demokrazia Brasilgo herriarentzat. Marielli bizirik! Lula libre! lelopean gaur deitu duten elkarretaratzearekin hainbat gizarte eragilek bat egin dute, besteak beste, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Podemos eta Ezker Anitza-IU talde politikoek, eta Ernai, Askapena, Komite Internazionalistak eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa bezalako eragileek.  

Brasilgo herriari elkartasuna erakustea eta brasildarrentzat demokrazia aldarrikatzea du xede ekimenak. Amaieran, manifestu bateratu bat irakurriko dute.

 

Idatzia Kontsulatuan

Joan den asteartean Brasilek Bilbon daukan kontsulatuan LAB, Sortu eta Askapenako ordezkaritza batek Lula da Silvaren aurkako jazarpena eta bere atxiloketa salatu zuten, idatzi bat erregistratuz. Ekimen honek helburu bikoitza zuen. Alde batetik, aipaturiko jazarpen mediatiko eta politiko-poliziala salatzea. Beste aldetik, Lula da Silvari eta Brasilgo herriari momentu zail hauetan elkartasuna adieraztea.

Idazkia entregatzean adierazi zutenez, "gertakari hauen atzean estrategia garbi bat dago." Izan ere, datorren urrian, Brasilen egingo diren hauteskundeei begira Lula da Silvak garaile ateratzeko aukera asko ditu, eta "kosta ala kosta hauteskunde lehiatik kanpo" nahi dute. Gauzak horrela, "Dilma Rousseffen aurkako impeachment-arekin hasi zuten kontra-erreforma neo-liberalarekin jarraitu ahal izango dute".

Ildo horretan, estrategia hau "demokraziaren kontrako eraso garbi bat da" gaurko elkarretaratzearen antolatzaileen arabera. Gaineratu dutenez, "salaketa hau egiten dugunok demokrazia defendatzen dugu, eta beraz Lula da Silvak Urriko hauteskundeetan eskubide osoz bere burua aurkeztea defendatzen dugu. Brasilgo herriak izan behar du bere ordezkariak hautatu behar dituena, inolako injerentzia politikorik gabe".