Productos Tubulares SAU enpresako zuzendaritzak "alde bakarreko" neurria hartu duela salatu dute aho batez sindikatuek. Enpresak aurkeztu dien 157 langile kaleratzeko espedienteak langileen %35 baino gehiagori eragingo dio. Kopuru horri "azpikontratetako kaleratutako lankideak eta egun arriskuan dauden lanpostuak" gehitu behar zaizkio Unai Anillo lan batzordeko k¡dearen esanetan. Izan ere, lan baldintzetan "funtsezko aldaketa" eragingo du enpresaren neurriak. Soldataren %25eko murrizketa, opor egun gutxiago eta lan ordu gehiago aurreikusten dituelako aurkeztutako espedienteak. Finean, "prekaritatean oinarritutako lan eredua ezarri nahi dute", Anilloren hitzetan. Aldaketak "horrenbeste borrokatutako" hitzarmen kolektiboa bertan behera utziko luke eta altzairu lantegiaren itxiera ekarriko luke epe motzean lan batzordearen arabera.
Egungo egoeraren erantzule Productos Tubularesen –Tubos Reunidosen enpresa filiala– kudeaketa "lotsagarria" jo dute, azken urteetan "ehunka milioi" irabazi dituenean, "lapurretan eta akziodunen zein zuzendaritza taldeen poltsikoak betetzeagatik".
Negoziazio mahaian, enpresa ordezkatzen duen Sagardoy bufeteko kideekin, orain arte ez dute aurrepausorik lortu lan batzordeko kideek. Eusko Jaurlaritzaren balizko bitartekaritza batek –Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua prest agertu da horretarako– negoziaketa desblokeatzeko balio dezakeela pentsatzen dute langileen bozeramaileek.
Irtenbide "bakarra", martxoaren 8tik greba mugagabean dauden Productos Tubulareseko langileen esanetan, kaleratze kolektiboaren espedientea bertan behera uztea da. Aldarrikapen horri "tinko" eutsiko diotela nabarmendu dute. Ondotxo dakite Sestao eta Trapagako lantegietako 424 beharginek eurek baino lehen beste batzuk antzeko egoeran egon direla, eta "borroka hau irabazteko herritarren aktibazioa eta mobilizazio masiboa ezinbestekoak" direla. Bide horretan, jendarteari dei egin diote "kaleratze eta prekarizazioaren aurka eta lan hitzarmenen defentsan" bat egiteko.