Hilabete besterik ez Bilboko errugbi finaletarako

uriola.eus 2018ko api. 16a, 08:47

Hilabete besterik ez da falta Bilboko errugbi finaletarako eta asteburu honetan ezagutuko dira San Mamesen izango diren finalistak. Oraindik sarrerak eros daitezke errugbi finala ikusteko, 25 eta 55 euro artean daude salgai.

San Mamesen aurkeztu dute Bilbon jokatuko diren 2018ko errugbi finaletan erabiliko den baloi ofiziala. Europako taldekako final garrantzitsuenak dira Champions Cup eta Challenge Cup, eta Bilbon jokatuko dira maiatzaren 11n eta 12an.

Finalaurrekoak asteburu honetan izango dira. Challenge Cup lehiaketari dagokionez, alde batetik Frantziako Pau eta Galeseko Cardiff Blues taldeek finalerako txartel bat jokoan edukiko dute. Beste aldetik, ordea, Erresuma Batuko bi talde egongo dira lehian: Gloucester eta Newcastle.

Beste aldetik, Champions Cup lehiaketari dagokionez, alde batetik Irlandako talde ezagunetakoa den Leinster egongo da, Galeseko Scarlets taldearen aurka. Beste finalaurrekoan, berriz, Irlandako beste talde oso ezaguna den Munster, Frantziako Racing 96 taldearen aurka. 

Lehiaketako baloi ofiziala aurkeztean, Vincent Gaillardek, EPCRko zuzendari exekutiboak, haren poza adierazi du bi finalen sarreren salmenta ondo doalako. “Champions Cup eta Challenge Cup Europako taldekako errugbi finaletarako sarreren salmentak gainditu egin ditu hasieran EPCRk ezarri zituen espektatibak. Oraindik hilabete falta da errugbi partida horietarako, eta 36.000 sarrera saldu dira Champions Cup finala ikusteko, eta 20.000 Challenge Cup ikusteko, salmenta plataforma ofizialaren, Espainiako eta Euskadiko errugbi federazioen, Bilbao Rugby Cluben eta Athletic Cluben bitartez”.

Horrelako partidetan ohikoa den bezala, sarrerak gorde zaizkie finala jokatuko duten taldeen zaleei -apirilaren 22ean jakingo da nortzuk diren-, EPCRri eta sarrerak saltzen dituzten beste agentzia batzuei. Hala ere, garbi dago maiatzaren 12an kirol horretako zalez beteko direla San Mameseko harmailak; errugbian duela bi mende baino lehenagotik egiten da Europan, eta tradizio handia du Erresuma Batuan, Irlandan eta Frantzian. Maiatzaren 11n jokatuko den Challenge Cup finalari dagokionez, oraindik badaude sarrerak webgune ofizialean salgai.

 

FAN ZONEA AREATZAN

Bilbao Finals 2018ko Fan Zonea Areatzako pasealekuan egongo da maiatzaren 10aren eta 13aren artean. Helburua da aisia gune bat sortzea Bilbora errugbiaren giroaz familian gozatzeko etorri diren zaleentzat; bertan partidak pantaila erraldoietan ikusi ahal izango dira, eta kontzertuez, animazioaz, jarduerez, errugbiari buruzko erakusketez eta bertako gastronomiaz gozatu ahal izango dute.